Porrot mingarria Ostadarreko neskentzat

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 14a

Ostadar SKT-ko futbol taldeak martxan dira. Emakumeen taldeak lehen astean atseden izan zuen arren, honetan Antigua Luberri taldearen aurka jokatu zuen. Asteburuko porrota ahaztuta, hurrengo jardunaldian Usurbilen jokatu beharko duten derbi garrantzitsuan daukate jarrita burua dagoeneko.

Ostadar SKT-ko emakumeen futbol taldeak denboraldia irailaren 28an hasi zuen etxean. Lehen partida horretan Hondarribi taldearen aurka jokatu zen eta  garaipena, 1-0, lortu zuen taldeak.

Aste honetan ere etxekoen babesa izan du Antigua Luberirren aurka jokatzean. Emaitzak ordea ez du lagundu, 0-3 egurtu baitzituzten. Batez ere bigarren zatian egindako lan kaskarren ondorioz galdu zuten. Badute zertan hobetu.

Berrikuntzak taldean

Ostadarreko emakumeen taldeak hainbat berrikuntza izan ditu. Batetik entrenatzaile eta laguntzaile aldaketa izan da. Gorka Perezek hartu du entrenatzaile postua eta laguntzaile lanetan Ruben Caldas dago.

Denboraldi honetako helburua taldea indibidualki eta kolektiboki hobetzea dela azpimarratu du, “entrenamendutan eta partidatan ondo pasatzea, disfrutatzea eta ahalik eta emaitza hoberen ateratzea“.

Honetaz gain, Perez entrenatzaileak azaldu digunez, hiru jokalari berri daude aurten taldean Naiara Uria, Cristina Revillo eta Ainara Roman.

Bestalde, baja batzuk ere izan dituzte, Izaskun San Aniceto, Nerea Marcos, Janire Tovar eta Janire Arroyok taldea utzi edo lehiatu gabe entrenatzen jarraitzen dutela aipatu digu.

Jokatzeko modua

Era berean, jokatzeko estiloa aldatu dutela ere azaldu digu, “lehen 1-4-3-3 sistemarekin jolasten zuten, orain, ordea, 1-4-2-3-1 sistemarekin. Sistema hau defentsiboagoa da eta jolasteko daukagun erarekin lehengo urtean baino zuzenagoa“. 

Era honetara, partidatan baloiaren jabetza edukitzea da helburua aipatu digunez, “horren bidez arriskua sortuko da“.

Perezek onartu duenez, taldea oraindik estilo honetara moldatu behar da, “lan asko daukagu egiteko baino pixkanaka ikusten da hobe-tzen ari garela“.

Gainera, taldea ondo ikusten du, “ikasteko gogoekin, denboraldi ona egiteko gogoekin, eta horrela erreza da taldearekin lana egitea“. 

Denboraldia

2013-2014 denboraldiari dagokionez, “oso luzea da.Hasiera da oraindik eta garrantzitsuena beti datorren partida da“.

Aurten aurrez aurre izango dituzten taldeetaz ere mintzatu da Gorka Perez, “Denak dira aurkari gogorrak, talde batzuk teknikoki oso onak direlako, beste batzuk lehenengo minututik azkenekora asko borrokatzen dutelako eta beste batzuk bere armak ondo erabiltzen dakitelako, azkenean partida guztiak dira gogorrak eta xehetasun ba-tzuengatik irabazi edo galdu egin dezakezu“.

Prestaketa
Denboraldia prestatzeko denbora izan dute eta ederki lan egin dutela aipatu du, “Jokalariak gogo askorekin eta motibatuak egon dira entrenatzen eta hobekuntza asko ikusi da lagunarteko partidutan bereziki“.

Izan ere, Ostadarreko emakumeen taldeak hainbat partida izan baititu aurredenboraldian.

Lehenengo partidan, Amara Berri taldearen aurka 2-0 galdu zuten, “zelaian pixkat galduak ginen, fisikoki beraiek hobeto zeuden eta partidu horretatik asko ikasi genuen“, onartu du Perezek. 

Baina beste guztiak irabazi dituztela azpimarratzekoa da. Añorgako hiruko txapelketa irabazi zuten. Honetan Luberri 0-2 Ostadar eta Añorga 0-1 Ostadar eta Touring taldearenen aurkako lagunartekoan 1-0 irabazi zuen.

Hurrengo jardunaldian Usurbilen aurka jokatu beharko dute Haraneko zelaian. Beheko postuetan dabiltza usurbildarrak eta irabazteko moduko partida da.