Lasatarren Sasoeta baserrian hasten da istorioa, hura baita harriaren inguruko lehen oroitzapenen kokaleku. Haatik, 110 urte baino gehiago omen ditu “Okerra” harriak. Baina Joxe Marik berak ere ez zuen haren jatorririk ezagutzen. Baserrian izan zuen harriaren berri lehenengoz, orain mende erdi baino gehiago. Eta gorde egin zuen, noski, ondo gorde ere.
Sagardotegia ere bazuen familiak, baserriaren ondoan. Eta bertara bildutakoak izan ziren, maiz, harri berezi hura altxatzen saiatu zirenak, erronkak erakarrita. Alferrik, ordea. Inor gutxi izan omen da hura jasotzeko gai. Bost baino ez, 1981eko Euskal Jaiaren programaren arabera. Orduan egin ziren “Okerra” harria jasotzeko azken saiakerak, Okendo plazan. Haren zailtasuna giharretan sentitu zuten azken harrijasotzaile haiek Billabonako Gabilondo, Orioko Saizar, Astigarragako Altuna eta Lasarteko Arteaga izan ziren.
Jose Manuel Ibar Azpiazu “Urtain” boxeolari eta harrijasotzaile ezaguna izan zen altxatzea lortu zutenetako bat. “Espresuki etorri zen Lasartera, harri berezi hura altxatzera”, kontatu digu Josebak, Joxe Mariren bilobak. Eta lortu zuen, Urtainek trebea baitzen harriak jasotzen. “Teknika ona eduki behar da harria altxatzeko, ez baita erregularra”. Udare forma du 139 kiloko harriak, eta heltzeko zailtasunean datza bere konplexutasuna. “Dirudiena baino zailagoa eta pisutsuagoa da; hasiera da bereziki nekeza”.
Baserritik tabernara
60ko hamarkadaren hasieran utzi zituzten baserria eta sagardotegia Lasatarrek, eta kalera jaitsi ziren, Lasartera. Harria ere lagun izan zuten aldaketa horretan, eta berehala aurkitu zioten txokoa. Taberna bat jarri zuen familiak, “Joxe Mari edaritegia”, Geltoki kalean, eta biltegian egin zioten lekua. Tentuz gordetzen zuen Joxe Marik, eta bezeroren batek altxatzeko alferrikako saiakera egin nahi zuenean baino ez zuen ateratzen.
Harriak ez zuen beste bizilekurik ezagutu, harik eta 80ko hamarkadaren lehenengo urteetan taberna alokatu zuten arte. Orduan, Zabaletako hilerriaren inguruko lurretan zuten txabolara mugitu zen Joxe Mari. “Orduak eta orduak ematen zituen baratzean lanean”, dio Mirenek, Joxe Mariren alabak. Eta gertu izaten zuen beti “Okerra”, ikusteko moduan.
Maiz izaten zuen lagun Joseba biloba ere. “Gogoan dut aitonarekin baratzera igo izana, eta harriaz zekiena kontatzen zidala”. Aitonak erakutsi zion harriaz eta harrijasotzeaz dakien guztia.
“Okerra”, umezurtz
Ez zituen, ordea, bertan urte asko eman Joxe Marik. “Gazte hil zen aita, 1986an”. Haren emaztea geratu zen lur haiekin eta harriarekin. Eta bertan eman zituen urte asko eta asko, orain bost urte zendu zen arte. Umezurtz geratu zen harria orduan. Txabola eta baratza saldu zituzten ondorengoek, baina harria gorde beharra zeukaten. Izan ere, balio handikoa dela azpimarratzen du Josebak: “Tradizioa mantentzeko eskatu zigun aitonak, eta esangura handia du harriak guretzat”.
“Nire ahizpak hartu zuen harria gordetzeko ardura, etxe handiagoa zeukalako berak”, azaldu digu Mirenek. Kantabriako Eskalante herrian zuen baserrira eraman zuen hark, eta bertan izan da ordutik. Baserrian Joseba bizi da orain, eta bera arduratu da aitonaren harri kutuna zaintzeaz: “Aitonaren oroitzapen bat da niretzat”. Aire librean dago harria, euri-urak sarritan bustitzen duela eta haizeak jo. "Baina “Okerra” lehen bezalatsu dago”, ziurtatzen du Josebak. Beste mende oso bat irauteko moduan.
Bost udaberri eta bost udazken eman ditu Josebaren baserriko belardian, lekurik onenean jarrita. Eta bertan izango da urtea joan eta urtea etorri. Ez baitu sekula harriarengandik urrundu nahi. “Nirekin eramango dut beti, noan lekura noala”. Joxe Marik “Okerra” harriari zion maitasuna, bilobak jaso du oinordetzan.
Egun batzuez, baina, bere bizilekua utziko du harriak, jaioterrira itzultzeko. Lasarte-Oriara ekarri zuen Josebak berak asteazkenean, eta bertan izango da Euskal Jaiaren ospakizunerako, urriaren 19an. Berezia izango da Miren Lasarentzat “Okerra” berriro herrian ikustea, bera baita bost anai-arreben artean Lasarte-Orian geratu den bakarra. “Sentimenduetan eragiten duten gauzak dira hauek”, onartzen du Mirenek.
Altxatzea, aukeratuen esku
Oraingoan, Telleria anaiek egingo dute harri berezia altxatzeko saiakera. Jasoko duten, ordea, ezin jakin. Baina lortzekotan handia egingo lukete, hori ziur. Aukeratuen zerrendan sartuko lirateke, izen historikoekin batera. Urtain bera, Orioko Ignacio Oliden, Hernaniko Egia anaiak eta Aginagako Errasti biltzen dituen zerrendan, hain zuzen ere. Eta urte asko dira inork ez duela balentria lortu. “Nik behintzat ez dut inor harria altxatzen ikusi”. Saiakerak, ordea, mordoa ikusi zituen Josebak. “Behin aitonari lagundu nion harria baratzetik kalera jaisten, Brigidatarren Komentu ondora, baten batek saiakera egin zezan”.
Festa borobilduko luke altxaldi bakar batek, baina ospatzeko arrazoiak mahai gainean daude jada. Harri baten ibilbide borobila, sorterrirako itzulera osatuz, egun batzuetarako baino ez bada ere. Bertakoa baita “Okerra” harria, lasartearra, Sasoeta baserrikoa. Eta gure artean da berriro, Euskal Jaien ospakizunari bere harri-koskorra eskaintzeko.