Ziklokrosean ere aurrean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 14a

Buruntzazpi taldeko txirrindulariak lehenengo postuetan sailkatu ziren Llanesko ziklokrosean, atzo. Xuban Errazkin bigarren izan zen jubenil mailan, eta Iñigo Altunak bosgarren postua lortu zuen kadeteetan.

Llanesko proba Federazio Koparako eta Asturiasko Koparako puntuagarria zen, eta estatuko onenak izan ziren irteeran. Leihakide indartsuak izan arren, bi txirrindulari lasartearrak ausart aritu ziren, eta hasieratik aritu ziren aurreko postuetan.

Lehenengo postuan, tiraka, egin zituen aurreneko itzuliak Xuban Errazkinek. Postu batzuk galdu zituen ondoren, baina pedal kolpea berreskuratu zuen, eta berriro sartu zen garaipenerako lehian. Azkenerako, meritu handiko bigarren postua lortu zuen. Aurreko asteburuan Oviedon zortzigarren sailkatuta, Federazio Kopako eta Asturiasko Kopako sailkapenetan aurrenekoen artean da orain.

Iñigo Altunak, bere aldetik, zorte txarra izan zuen arerio. Onenen taldetxoan ibili zen hasieratik, eta buruan egin zituen bi itzuli. Itzuli horretan, baina, erorikoa izan zuen, eta postu asko galdu zituen, zortzigarren izateraino. Baina ez zuen amore eman, eta zenbait txirrindulariri aurrea hartu ostean, laugarren posturako lehia galdu zuen esprintean.

Buruntzazpi taldeak apustu serioa egin du sasoi honetan ziklokrosaren alde. Aurreko urteetan errepiderako prestaketa gisa hartzen zuten arren, oraingoan ondo aritzea dute helburu. Izan ere, aurrean aritzeko gaitasuna badutela ikusi dute, eta gustura dabiltza lokatzetan.

Horregatik, kanpoan lehiatzeko aukera asko zabaldu dute taldekoek. Estatuko lasterketa gehienetan hartuko dute parte, baita Castellon jokatuko den Espainiako Txapelketan ere.

Datorren ateburuan bertan, Burgosen ariko dira taldeko txirrindulariak. Medina de Pomarren lehiatuko dira larunbatean, eta Villarcayoko ziklokrosa izango dute igandean.