Dagoneko bai, martxan da herriko irakurle txokoa. Uxue Alberdi idazlearen gidaritzapean bertaratutako herritarrak taldeetan elkartu eta Miren Agur Meaberen "Kristalezko begi bat" liburuaren irakurketaz mintzatu dira. Bakoitzak liburuak sortutako inpresio, iritzi eta hausnarketa azaldu du lehenengo talde txikietan banatuta.
Alberdik taldeetan parte hartu du eta batez ere, istorioan fikzioa eta errealitatearen arteko muga non dagoen izan da irakurleen artean eztabaida sortu duena. Batzuentzat idazleak kontatzen duena ia autobiografikoa da eta besteentzat berriz, idazleak maisuki bere esperientzia pertsonaletan oinarrituz eraikitako fikzioa.
Idazlearen bisita
Miren Agur Meabe iritsi eta solasaldiarekin hasi dira. Idazleak dramatismorako joera onartu du eta liburua nolabait hitzezko protesi bat izan dela. "Ez dut trauma berezirik kristalezko begia izateagatik" argitu du idazleak, elementu literario aproposa iruditu zitzaion bere begiaren falta horrek, huts sinbolikoak azaltzeko, bestelako falta, babes harremanak etab. Liburuak gauza asko kontatzen dituela azpimarratu du idazleak nahiz eta funtsean ez izan gauza asko gertatzen den eleberri horietako bat.
Azaroaren 19an izango da hurrengo saioa eta honetan Irene Nemirovsky-ren "Dantzaldia" lana izango da hizpide. Abenduaren 10ean, Harkaitz Cano-ren "Twist" eleberriari buruz hitz egingo da eta idazlea bertan izango dute gaur bezala. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira Villa Mirentxun eta parte hartzea irekia da.