Bart aurkeztu zuen udalak Manuel Lekuonan animalien jabetza eta osasunaren babeserako behin behineko ordenantza proiektua. Nerea Sanchez ingurumen zinegotziak azaldu zuen honetan jasotzen dena. Horrela herriko parkeak kolore ezberdinen arabera sailkatuko dira eta honek adieraziko du zein ordutegitan edota baldintzetan sartu ahal izango diren txakurrak.
Horrela kolore berdea duten parke eta berdeguneetan txakurrak libre ibili ahal izango dira. Kolore urdineko guneetan berriz txakurrak lotu gabe 18:00etatik 11:00etara ibili ahal izango dira. Azkenik, kolore gorriak debekua adieraziko du eta berdegune hauetan txakurrak ezingo dira sartu. Edo Askatasunaren plaza inguruan adibidez, txakurra lotuta pasa ahal izango da berdeguneetara sartu gabe.
Honen aurrean hainbat herritarrek bere zalantzak plazaratu zituzten. Besteak beste gune hauetan araua betetzen dela nork kontrolatuko duen galdetu zuten. Beste batzuek txakurrei arauak jarri bai baina zibismo falta herriko berdegune eta parkeetan orokorra dela salatu zuten. Izan ere, zakarrontziak erabili beharrean ume, gazte askok zaborra lurrera botatzen dute, pipa azalak etab. eta hori ere zaintzekoa iruditzen zitzaien hainbati, "gurasoek ere hori zaindu beharko lukete txakurren jabeek kakaren arazoa bezain beste".
Udalak bere aldetik proposamen eta esandako guztiak jaso eta kontutan izango zirela agindu zuten zinegotziek. Behin behineko araudia izanda, oraindik asko dira eman behar diren pausoak azkenean udalbatzarrean guztiz onartua izan dadin. Bide horretan aldaketan egitea posible izango dela azaldu zuten.