Ardo-dastatze ikastaroa Arrieskalletan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 18a

Arrieskalleta elkarteak hastapeneko ardo-dastatze ikastaroa antolatu du. Azaroaren 4, 5, 11 eta 12an izango da 19:15etatik 21:30era. Honetan parte hartu ahal izango dute elkarteko bazkide zein bazkide ez direnek. Saioak Jesus Mari Ormazabalek gidatuko ditu euskaraz.

Lehenengo egunean sarrera moduan mahatsaren osaketa, heltzeaz eta bilketaz azalpenak emango dira. Hala nola ardo beltzen, zurien eta gorrien elaborazioaz. Jarraian ardo zurien usainen praktika egingo da dastatze metodologia ikasteko.

Bigarren saioan berriz “Gust de terra gust de vi“ dokumentala ikusiko dute parte hartzaileek eta ostean bi ardo dastatuko dira. Hirugarren saioan ardo beltzen ontzea eta haritz frantziarraren eta amerikarraren arteko desberdintasunak ikusiko dira eta aroma praktika eta dastatzea egingo dira. Honetaz gain, plateren eta ardoen arteko harmoniaz argibideak emango dira eta ardo eta gazten arteko elkartearen praktika burutuko da.

Azken saioan berriz, azaroaren 12an, Jerez ardoen eta ardo apardunen elaborazioa landuko da. Botilan gertatzen den bigarren hartzidura, solera eta kriaderak, ardo goxoak eta azkenik plater eta ardoen arteko batzeaz mintzatuko dira. Izena emateko arrieskalleta@gmail.com helbidean egingo da. Bazkideentzako ikastaroak 60 euroko kostua izango du eta bazkide ez direnek, berriz, 75 euro.