Hurbileko inguru hori, ezin bestela, gurasoak, zaintzailea, familia, eta abar dira. Eskola osagarri bat da, garrantzia handikoa, baina eskolak ezin du familia ordezkatu.
Gizarte bizitzan erdara belarrietara iristen da toki askotatik; beraz, haurra zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta gehiago sozializatuko da, eta, ondorioz, orduan eta kontaktu handiagoa izango du erdararekin. Miraririk ezin eskatu eskolari, eta kalean hizkuntzarekiko sortzen diren desoreka horiek etxetik bertatik konpondu daitezke. Merezi du ahalegina egiteak. Etxean bertatik hasi behar da euskara ahoan erabiltzen.
Nondik hasi bada? Familia asko izango dira Buruntzaldean ama hizkuntza euskara dutenak, eta beste hainbeste edo gehiago haurra euskaraz hezi nahi eta zailtasunak dituztenak. Zailtasun horiek izan daitezke, besteak beste, euskararen ezagutza erabatekoa ez izatea edota gertuko inguru osoa erdalduna izatea. Buruntzaldeko Udal euskara zerbitzuak alor horretan lan handia egiten ari dira azken hamarkadan, zehazki, familien hizkuntza transmisioan.
Gida-liburuak gurasoentzat
Haur txikiak dituzten gurasoentzat udal horietan lan polita egiten ari dira. Lan horren emaitza, gainera, denen eskura dago Interneten.
Denbora gutxi da burun-tzaldea.org webgunea berrituta aurkeztu dutela. Bada, atari nagusian ezker aldean dagoen “Zuretzat” estekan klik eginez gero “Gurasoak” izeneko azpiataleko menua lagungarria da. Bertan sartuz gero, haurra eta familia euskararen mundura erakartzeko material ugari dago. Besteak beste:
• “Etxean zer ikusi, hura ikasi. Zeuk duzu giltza” gurasoentzako liburuxka.
•“Euskara ere eman” liburuxka.
•“Gure haurraren garapena” liburuxka.
•“Etxeak du giltza” eskuorria.
•“Umeentzako hitz goxoen zerrenda” gida.
Aldizkari horien guztien PDF bertsioak dira, norberaren ordenagailura jaitsi eta gordetzeko edota pantailan bertan kontsulta egiteko. Informazio asko landu da ikuspegi hezitzaile, psikologiko eta pedagokikotik. Internet sareak, gainera, abantaila hori ematen du: eguneko hogeita lau orduetan hortxe bertan eskuragarri dagoela.
Adibide bat hartzearren, “Gure haurraren garapena” liburuxkan argiro azaltzen denez, haurraren lehen urteak funtsezkoak dira bere hizkuntzaren garapenean. Garrantzitsua da familiak haurrari laguntzea, haurraren hizkuntza egokia eta osatua izan dadin, “hizkuntza erabiliaren erabiliaz, berez osatzen da giza taldeetan. Hizketan hasi eta sei bat urte betetzen dituen arteko garaiari hizkun-tzaren adina deitzen diote adituek. Umeak hitzak ikasi eta horiekin jolasean aritzeko irrikitan egoten dira”.
Hamabi hilabete: “Hizkuntzaz ohartzen hasiko da, ulertu egingo du, hitz egiten hasiko da. Hizkuntza batean garatzen ari da, eta emozioak ere hizkuntza horretan garatuko ditu”.
Hogeita lau hilabete: “Dagoeneko hizkuntza du bere komunikazio bidea. Lehenengo hizkuntza finkatu egingo da. Beste hizkuntza batzuk ikasteko izango duen gaitasunik handiena hamabi urte bete artean izango du”.
Hiru urte: “Hizkuntza da bere ingurua identifikatzeko eta harremanetarako bitartekoa. Helduak eta helduen hizkuntza imitatzen ditu”.
Lau urte: “Hizkuntza garapen betean dago, eta gurasoek haurrekin ez ezik, helduen artean ere hizkuntza horretan egiten badute, are eta aberatsagoa izango da hizkuntza hori”.
Bost urte: “Beste haur ba-tzuekiko eta helduekiko harremana garatzen du. Euskara finkatuko badu, beharrezkoa da inguru hori euskalduna izatea, gaztelera nagusi den inguru batzuetara sarbidea izaten hasiko da eta”.
Urteak aurrera joan ahala haurrari aisialdia osatzeko jarduerak ez zaizkio faltako. Webgunean bertan “Seme-alaben aisialdia” atalean udalerri bakoitzean hamasei urtetik beherakoei euskaraz aisiako edo denbora libreko zer eskaintza dagoen jakiteko informazio osoa eskaintzen da.
Familia eta eskola, haurrak eta aisialdia,... hizkuntza eta erabilera etxetik bertatik garatzen hasi behar dira. Hizkuntza ohiturak etxean bertan hasten direlako. Kanpainaren esaldi nagusiak dioen bezala, haurrek “zer entzun, hura esan”. Zorionez, hizkuntzarekiko eta erabilerarekiko jakinmina duena ez da galduta ibiliko. Nora jo badaki, eskualdeko udal euskara zerbitzuetara edota burun-tzaldea.org webgunera.