"Gaixoak ez du ezetza onartu behar"

maider-azurmendi 2013ko urr. 18a, 11:37

Nerea Segura herriko nutrizionistak zeliako izatearen inguruan liburua idatzi berri du. 11 urterekin diagnostikatu zioten gaixotasuna eta bere esperientzia pertsonala profesionalarekin uztartu nahi izan ditu. Elikadura zaintzearen garrantzia azpimarratzen du gaixoa izan edo ez.

Nerea Segura herritarraren bizitza guztiz aldatu zen hamaika urterekin. Denbora luzean medikuz mediku ibili ondoren, zeliakoa zela esan zioten. Dieta  batekin bere egonezina sendatzen zela ikustean, janariaz gozatzen hasi zen. Bere gaixotasunaren eraginez janaren inguruko jakinmina piztu eta horrek bere ogibidea hautatzean izan zuen pisua. Egun dietista ezaguna da eta hainbat komunikabideetan elikaduraz mintzatzen azaldu da. Bere lehenengo liburuan esperientzia pertsonalak jaso ditu beste gaixoentzat lagungarri izan daitezen.  

“Mi hijo es celíaco” liburua idatzi duzu. Zer jaso nahi izan duzu honetan? 
Zeliakoa zarela esaten dizutenean nahiko galduta egoten zara. Zeliakoen Elkartean nagoenez, konturatzen naiz guregana etortzen diren per-tsonek teoria pila jasotzen dutela baina egunerokoan zalantza asko dituztela. Horiek argitzeko animatu nintzen liburua idaztera. Liburuan teoriari tartetxo bat egin diot baina garrantzia eman nahi izan diot egunez egunekoari. Aholkuak umeei zuzenduta idatzi ditut, gaixo gehienak umeak direlako eta zalantza gehien hauekin egoten direlako. Hala ere, egun badirudi geroz eta jende gehiago dela zeliakoa eta honen zergatia ere azaltzen saiatzen naiz. 

Zer da zeliako izatea?
Bereiztu behar da zeliako eta “sensibles al gluten”. Azken hauek asko dira eta bereziki kostatzen zaie dieta jarrai-tzea. Izan ere, bi kasuetan jarraitu beharreko dieta bera baita baina gaixotasuna desberdina. Zeliakoa da glutenarekiko intolerantzia izatea. Dietatik glutena kendu behar dugu baina zereal guztietan dago. Alde toxikoa duten zerealak daude eta ez dutenak. 
Erraz esateagatik, irina eta urarekin masa bat egiten dugunean airea nahi dugu gorputza emateko, ba hain zuzen hori da glutena. Elikagai batzuk ezin ditugu jan baina horretaz gain kontuz ibili behar gara glutena egonkortzaile moduan erabiltzen delako hainbatetan eta erraza da ez konturatzea. Etiketan proteina begetala jartzen duenean ere, glutena izan daiteke.

Egunerokoan zer da zaindu behar duzuena?
Behin tratamenduarekin hasita denari erreparatu behar zaio, nola egin erosketak, zertan fijatu elikagaien etiketak irakurtzeko garaian, etxeko sukaldean nola moldatu behar garen... Adibidez etxean kroketa batzuk egin nahi badituzu, batzuk arto irinarekin egingo ditut eta besteak ez, kroketak frijitzeko garaian ezin dira nahastu ezta olio bera erabili noski. Horrek suposatzen du bi zartagi zikintzea, olioa bitan gasta-tzea etab. Horregatik aholkua izaten da etxean denentzat berdina sukaldatzea, behintzat hasieran. Egia da ere, etxe gehinetan horrela hasi eta jarraitzen dutela.

Arazoa etxetik kanpo jatean dago...
Bai. Eskoletako jantokietan nahiko ondo kontrolatzen dute dieta. Baina urtebetetze eta halakoetan umeari eraku-tsi behar zaio nola jokatu. Eskolan hala ere, ume txikien kasuan plastilinak eta pinturak glutenik ez eduki-tzea begiratzen dugu dena ahora eramaten dutelako. Hala ere ikasten da etxetik kanpo nola jokatu. Txikitan urtebetetzetan pasatzen da okerren, nerabezaroan lagunekin ateratzen hasten zarenean, normalean pizza, hanburgesak eta halakoak hartzen dira. Heldutan zaila da. Kasu batzuetan sintomak ez daude, ez da ezer nabari-tzen eta zaila egiten zaie gaixo horiei dieta jarraitzea, pentsatzen dute behin har-tzeagatik ez dela ezer gerta-tzen baina bai, gertatzen da. Umetan nahiko erraz senda-tzen da este meharra baina heldutan urteak behar ditu, berez ez da errekuperatzen.

Gurasoei asko kostatzen al zaie ohiturak aldatzea?
Askotan gurasoak errudun sentitzen dira. Genetikoa da gaixotasuna beraz guraso batek pasa dio umeari. Sentimendu horregatik, umeak ezin badu zerbait jan kanpoan etxean konpentsa-tzeko joera dago. 
Elkartean egiten dugun lanarekin konturatzen gara etxe guztietan zeliakoa dela “berezia” eta anai arrebak daudenean elkarbizitzan arazoak egon daitezke. Egoera hauek saihesteko heziketa da garrantzitsuena. Ume batzuk oso babestuta daudenez ez dakite bizitzaren beste esparruetan, jendeartean etab. moldatzen. Horri arreta jarri behar zaio. Gaixotasuna heziketa egokiarekin eta lasaitasunez bizi behar da. Gaixoak ez du ezetza onartu behar.

Zuk ez zenuen onartzen...
Ni txikitatik naiz zeliakoa eta lehen ez zen oso gaitz ezaguna. Kirola egiten nuen eta kontzentrazioak egiten zirenean ez joateko esaten zidaten etxean. Joan nahi nuenez, bi motxila prestatzen nituen, batean arropa eta bestean janaria sartzen nuen. Lekura iritsita, sukaldera joaten nin-tzen zuzenean eta niretzat janari hori egingo zuten galdetzen nien. Bestela entsalada eta xerra egunero jartzeko eskatzen nuen.  Ez nuen kanpaldia edo dena delakoa uzten nire gaixotasunarengatik.

Zuri 11 urterekin diagnostikatu zitzaizun. Aldaketa handia izan zen?
Eskerrak eman nizkion medikuari. Urte asko eman nituen medikuz mediku, hamaika botika, proba, dieta ezberdinak... Ez nekien zer neukan baina ezin nuen jan, orduan behin diagnostikatuta lasaiago geratu nintzen, banekien zein zen gaixotasuna eta suposatzen nuen tratamendu bat izango zuela. Nire egonezin hori dieta batekin konpontzen zela ikustea lasaigarria izan zen. Gainera tratamendua jarraituta ez duzu gaixotasunik “gaixo osasuntsuak” gara. 

Sintomak zeintzuk dira? 
Ia edozer izan daiteke sintoma. Ohikoenak, diarreak, botaka egitea eta txikitan ez luzatzea. Gaixotasuna genetikoa da baina garatu daiteke edo ez.  Esteetan dagoen birus batek eragiten du azkenean gaixotasuna. Hau garatzearen arrazoiak desberdinak dira, txikitan defentsa sistema ahulagoa denean esaten da gara-tzen dela baina heldutan bestelako gaixotasunek eragin dezakete. 
Zeliakoentzako produktu bereziak daude.

Bai. Nabaritzen da marka zuriak hasi direla glutenik gabeko produktuak ateratzen eta alde horretatik hobeto gaude baina beste batzuk, ogia, gailetak... lau aldiz garestiagoak dira.
Krisi garai honetan orokorrean prezioak zerbait jaitsi dira baina gure produktuetan jaitsiera hori ez da proportzionalki gertatu, oraindik gehiago ordaintzen dugu. Etxe batean zeliako bakarra dagoenean ogi berezia behintzat egoten da, baina gehiago direnean halako produktuak ez erosteko joera dago, garestiegia da. 

Gehiago arduratzen gara dietaz?
Gizartean produktu ekologikoen kontsumoa handitu da eta jendeari geroz eta gehiago arduratzen dio gaiak. Alde horretatik gure lanarekiko errekonozimendua iritsi da. Hala ere, krisiak ere bul-tzatuta jende gehiago dago okerrago jaten hasi dena. Produktu merkeak ez dira osasuntsuenak izaten. Bestalde jendeak ez du denbora har-tzen otorduak egiteko eta hori nabaritzen da. Familiak gauean elkartzen dira afaltzeko eta asko jaten da, goizean goserik ez da izaten eta hortik aurrera dena gaizki egiten da. Gosariaren momentuari ez diogu arreta jartzen eta funtsezkoa da. 

Kulturak eragiten al du gure dietan?
Noski, tradizioari erreparatuta hemen oso haragijaleak gara. Egoskariak, legunbreak ere asko jaten ditugu eta onak dira baina sakramentuak oso txarrak! Lehen arraina gehiago hartzen zen haragia baino eta hori bai galdu egin dugu. Zorionez, barazki aukera zabaldu da eta asko erabil-tzen ditugu orain. Horretan behintzat hobetu dugu baina hala ere bada zer egina. 

Hedabide desberdinetan parte hartzen duzu, ETBn ere ikusi zaitugu.Nolako esperientzia izan da? 
Telebistan hasi nintzen kasualitatez, Elkargoarekin harremanetan jarri ziren behin joateko, gustatu eta asteroroko tartea bilakatu zuten. Oso gustora ibili nintzen, uste dut onuragarraia izan zela aholkuak emateko etab. Gazteentzako aldizkari batean idazten dut ere, oinarrizkoa da elikadura osasuntsuari buruzko informazioa zabaltzea.