Goiza animoso hasi zuten Gazte Klubeko lagunek. Lasarte-Oriak duen mendi bakarrera, Benedikara hain zuzen, joan ziren motxila eta mendiko botak jantzita.
Eguerditik aurrera berriz, Kantu Jirak herriko kaleak zeharkatu zituen musika, dantza eta bertsoz lagunduta.Denera erdiguneko hamar txokotan geldialdia egin zuten eta "Nere Amak baleki", "Pasaiako Herritik", "Txantxibiri" edota "Txoriak Txori" klasikoak abestu zituzten.
Kantuen artean fandango eta arin-arinak, txistu-joleen doinuak eta Muñoa eta Lizardiren bertso-sortak tartekatzen ziren.
Ikurrina handi batek gidatu zuen Kantu Jira, baserritarrez jantzitako hainbat haurrek eskutan eraman zuten.
Baserritarrez jantzita plazaratzeko deia egina zegoen, eta herritarrek primeran erantzun zuten. Gehien gehienak zihoazen gutxien gutxienik zapia, txapela eta gona jantzita. Bada zerbait.
Gosea egin ostean, Xabier Zaldua, Iñaki Eizmendi eta koadrilak eginiko paella dastatzeko ordua iritsi zen.
Guztira 14 kilo arroz jan ziren Okendon egindako herri bazkarian. Berdura, oilaskoa, langostinoak eta muskulluz lagunduta.
Bazkaltzen aritu ziren 200 pertsonaren tripa betetzea ez da erraza eta kalitatezko menuarekin are zailagoa... Ba bi gauzak lortu zituzten sukaldari trebeek.
Bestalde, postrerako pasteltxo goxo bat eta Joxe Mari Agirretxe, Txapas eta San Sebastianen eskutik bazkalondokoa etorri ziren.
Umore onean, kantuan, irrintzika, dantzan aritu ziren 200 jatunekin batera.
Ostean antzerkiaren txanda iritsi zen. Jalguneko lagunek mozorroak soinean, euren elkarteko ereserkia dantzatu eta urtean zehar entseatutako funtzioak eskaini zituzten arratsaldeko lehen orduetan. "Hiru, bi, zast, egizu jolas" haurrentzako antzerkia, dantza eta kantuak ere izan zituzten gozagarri.
Kirola protagonista
Arratsaldeak aurrera egin ahala, herri-kirolak lekutxoa egiten joan ziren Euskal Jaien egitarauan.
Besteak beste, lokotxak, zaku-karrerak, soka-tira eta esku-pilota ikusi genituen Okendo plazan. Printzipioz ekintza hauek haurrentzat prestatuta bazeuden ere, guraso bat edo beste ere animatu zen kirol pixka bat egitera eta arratsalde pasa polita egin zuten euren seme-alabekin batera.
Arratsaldeko 18:00ak aldera iritsi zen eguneko zita garrantzitsuena. Okerra harriak 30 urteren ostean Okendo Plaza bisitatu zuen.
Publikoaren artean komentarioak ugariak ziren. Irristakorra zela, heldulekurik ez zuela, "punta" behera zuela jasotzea litzatekeela egokiena, erraz berdinduko zuela, kostako zitzaiola... Denetarik entzun zen plazan.
Bertan zen 80ko hamarkadan birritan jaso zuen Jose Ramon Arteaga, aurten saiakera egitekotan zen Joseba Ostolaza oriotarrari aholkuak ematen.
Laguntzaile lanetan Telleria aita-semeak izan zituen Ostolazak eta 138 kiloko zilindrikoa eta 175 kiloko errektangularrarekin berotu ostean, Okerra harria jasotzeko momentua iritsi zen.
Bost minutu izan zituen guztira Ostolazak, eta bere teknika propioa erabiliz, (Arteagak beste teknika bat erabiltzen zuen) 7 altxaldi eman zizkion, Arteagak baino bat gehiago.
Publikoaren animorik ez zuen falta izan oriotarrak eta herri-kirolek oraindik orain herritarrengan interesa pizten duela argi geratu zen.
Egunari amaitzeko Trikihotsen erromerian denetariko doinuak entzuteko aukera izan zen: "Xalala", kalejira, banakoa... Plazak itxura bikaina zuen, ehunka lagun saltoka eta dantzan zebiltzan, aspaldi honetako Euskal Jai parte-hartzaileenaz gozatzen.
Egunari amaiera emateko herriko 15 tabernatan pintxo-potea izan zen eta eguna gaueko ordu txikietara arte luzatu zuenik ere izan zen.
EUSKAL JAIETAKO ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/555/