Euskal Jaietako ekintza garrantzitsuenetakoa izan zen, 30 urteren ostean plazara atera baitzen Okerra harria. Bertan zen Jose Ramon Arteaga, 80ko hamarkadan 10 minutuko tartean sei altxaldi ematera iritsi zen herritarra. Hainbat aholku eman zizkion saiakera egin aurretik, berak erabiltzen zuen teknika zehazki esplikatu bazion ere, Ostolazak berea ikasita zekarren etxetik. Bost minututan zazpi aldiz berdindu ostean, propinatxo gisa, Arteagak jasotzen zuen bezala altxatzen saiatu zen. Kostata lortu zuen, eta argi geratu zen Okerraren maltzurtasunari norbere teknika propioarekin erasotzea dela onena, harrijasotzaile bakoitzak deskubritu behar du Sasoetan jaio, Kantabrian egonaldia egin eta berriro herriko plazara itzuli den harriaren misterioa. Ostolazak balentria egin dutenen zerrendara gehitu zuen bere izena, Urtain boxeolaria, Orioko Oliden, Hernaniko Egia anaiak, Aginagako Errasti eta Arteagarenarekin. Ea hurrengoan lasarteoriatar batek Okerra altxatzeko saiakera egiten duen.