Beti laguntzeko prest zegoen kirolaria

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 21a

Ostadar SKT-k aurten Jose Luis Juarez “Gambers”, alkate-tzako idazkaria ohia zena omendu nahi izan du. Juarez abuztuan hil zen eta elkarteak hamazazpi urtetan krosari eskainitako laguntza eskertu nahi izan dio. Jose Luisek elbarrituei laguntzen zien lasterketan. Aurten 1 dortsala bere semeak Gorka Juarezek eramango du. Hala baina, Jose Luisek kirolarekin lotura estua izan zuen. Bere seme-alabekin Gorka eta Eli Juarez eta Maria Jose Lekunberri emazte ohiarekin hitz egin dugu besteak beste, garai honi eta krosean egindako lanari buruz gehiago jakiteko eta Gorkarekin zehazki hurrengo igandeko lasterketari buruz ere mintzatu gara.

Jose Luis Juarez ezaguna zen alkatetzako idazkari ohia izateagatik. Azken urteetan bere gaixotasunaren ondorioz paseatzera ateratzen zen bakarrik. Baina gaztetan hainbat kirol taldeetan parte hartu zuen Juarezek. Futbola, areto-futbola, golf-a, zaldiak... ziren bere zaletasunak eta hauetaz gozatzeaz gain, laguntzeko prest zegoen beti.

Gaztetik hasi zen Jose Luis Suarez futbolean jokatzen. Haurra zenean, Conchako hondartzako futbol txapelketan izan zen Texas taldearekin. Hipodromoan ere jokatu zuen Intza taldearekin eta zentral bezala Lasartearra taldearekin.

“Preferentean edo, joka-tzera iritsi ziren”. “Orduan partidak, entrenamenduak, etab. zituen niri ez zidan grazia handirik egiten. Baina berak gustuko zuen,” dio emazte ohiak.

“Ni Hipodromora joaten nintzen aitarekin jokatzera. Zelaia moztuta izaten zuten eta bertan jokatzen zen. Primeran egoten ginen bertan,” aipatu du Gorkak.

Lehen bihotzekoa 29 urterekin izan zuen Juarezek, “futbol partida baten ostean izan zen. 30 urteak zainketa intentsiboetako unitatean  bete zituen”.

Korrika eta areto-futbola

Gaixotasuna baino lehen, korrika ere egiten zuela  kontatzen du Maria Josek, “ez dakit lasterketa batean parte hartu zuen edo ez. Futbolean joka-tzen zenean korrika egitea joaten zen eta entrenatzen zen“. 

Jose bere aita lasterketa askotan parte hartu zuela eta Jose Luisi ere korrika egiteko gogoa sartu zitzaiola aipatu du Maria Josek.

“Orduan ez zegoen orain dagoen lasterketa kopurua. Orain guztiak korrika eta paseoan gabiltza, baina lehen ez zen horrela,“ gogoratzen du. 

Herriko hainbat gazte bezala, areto-futboleko txapelketan ere jokatu zen Juarez, Gure Etxea taldeko kide izan zen. 

“Lagunekin, Txema Berasategi,... Michelinen jokatzen zuten. Aitak atezain jokatzen zuen ezin baitzuen korrika egin. Gaixotasuna larritu zenean utzi behar izan zuen,” aipatu du Gorkak.
“Gogoratzen dut behin hatz bat atera zitzaiola. Momentuan sartu behar izan genion”.

Zaletasunak

Hau guztiaz gain, mendia ere bere zaletasunetako bat zela azpimarratu dute. 

“Mendizalea zen hemen inguruko mendietara joaten ginen. Eta Pirinioetan etxea genuen Luz Saint-Sauverren eta inguruko tontorretara igo-tzea gustuko zuen,” aipatu du Maria Josek. 
Gaixotasunak zaletasun hori eten zuen, baina menditik bueltaxka bat ematea gogoko zuela ere esan digute, “azken urteetan ezin zuen esfortzu handirik egin eta ibiltzera ateratzen zen“.

Era berean, Jose Luisen  beste zaletasunetako bat golfa zela aipatzen dute “Lasarte-Oriako “Caddies Club“-eko kide zen eta idazkari lanak egin zituen“

“Aitak Peio Garagarzarekin eta herriko beste pertsona ba-tzuekin txapelketak antolatzen zituzten eta Frantzia, Burgos eta hainbat lekura joaten ginen jokatzera. Nik aita zegoelako jokatzen nuen. Aitak ere jokatzen zuen, ez zen oso ona,“ gogoratzen du Gorkak.

“Lasarte-Oriako herritarrek golfarekiko zaletasuna berezkoa dute. Hipodromoko zaldi lasterketak bezala. Hori -ek ere asko gustatzen zitzaizkion“.

Gorkak, berriz, “Ez zen zaldien jatorria begiratzen zuen horietakoa, baina bazekien zein ibiltzen zen ongi, nork zeukan irabazteko aukera,...“ aipatu digu.

Eta “azken urteetan estropadak ere jarraitzen zituen, batetik bestera joaten zen“ gogoratzen dute.

Krosarekin lotura

Baina kirola egiteaz gain, kirol ekintzetan laguntzeko prest agertzen zen Jose Luis. Bere alabak, Elik azaldu digunez, “beti gustatu zitzaion jendeari laguntzea. Beti egoten zen prest edozeini lagun-tzeko“.

Honela, Lasarte-Oria Bai! krosean elbarrituei laguntzen hasi zen hauek atera ziren lehen urtetik, duela hamazazpi urte.    

Gorkak adierazi digunez, “1997an Lasarte-Oriatik joan nintzen eta ez nekien elbarrituekin laguntzen zuela. Nire izebak deitu zidanean jakin nuen“.

“Bagenekien bere gaixotasunaren ondorioz elbarritu edo minusbaliotasuna zuten pertsonekin harremana izan zuela. GUREAK-en lan egin zuen proiektu batean eta horren harira, harremana izango zuen,“ aipatu du Maria Josek.

Elik, berriz, “baliteke berak zeukan elbarritasun horregatik lotuago egotea urritasuna zuten pertsonekin. Baina nire aitari beti gustatu zitzaion benetan behar duenari laguntza ematea, eta elbarriek beti izan dute zailagoa bizitza“.

Eta “berak lortu nahi zuena eta lortu zuena zen bi hanken gainean edota bi gurpiletan denak krosa egin ahal izatea“.

Eta “ospakizun honek oso giro ona sortzendu herrian. Aparte jende asko biltzen duen ospakizuna da; gazteak, zaharrak, familiak... eta aitak hau gustuko zuen“.

1 dortsala

Horregatik, familia oso pozik agertzen da Ostadar SKT-k egindako omenaldiarengatik.

“Oso pozik gaude. Izena eman behar nuen, baina 1 dortsala aitaren omenez emango zidatela esan zidatenean oso pozik jarri nintzen. Orain presio gehiago dut, jendea niri begira egongo dela iruditzen zait,” adierazi digu Gorkak. 

Gainera, aitaren lagunek, “ahal dutenek behintzat” krosean parte hartzeko asmoa dutela ere azpimarratu du eta  Juarez gogoan izateko ekintza berezi bat egingo dutela ere adierazi digu, “kamiseta bat egin dute aitaren aurpegiarekin eta atzean bere ezizena duela, “Gambers”. Nik ere eramango dut”.

Behobia prestatzen 

Gorkak azaldu digunez, bigarren aldia da Lasarte-Oria Bai! krosean parte hartuko duela. “2009an izan nintzen lehengoz eta ez dut gehiago parte hartu. Urte hartan lesio eta ebakuntza baten ondorioz ezin izan nuen futbolean jokatu eta Behobia egitea erabaki nuen. Hori prestatzen Lasarte-Oriako krosean parte hartu nuen. Izan ere, ongi dator beste lasterketa batzuetan parte hartzea“. 

Lasarte-Oriako krosean parte hartzea ilusioa egiten diola ere aipatu du, “ilusioa egiten dit eta Lasarten korrika egitea gustuko dut. Txikia nintzenean Zubieta eta ibilbideko leku askoetatik ibiltzen nintzen txirringan. Donostian entrenatzen duzu, baina Lasarte korri egitean ezagu-tzen duzun jendea ikusten duzu, amona balkoian... Hori ere motibazioa da“.

Ibilbideari buruz ere azalpen batzuk eskaini dizkigu, “ez dirudi baina  ibilbidea gogorra da, bi aldapa daude nahiko fuerteak eta Behobian ere horrela da eta ongi dator indarrak kontrolatzeko“.

Honela, krosean “marka ona egitea espero dut. Fisikoki ongi nago, baina ez naiz lehenengoa sartuko,“ adierazi du barre egiten.

Hala ere, “aurten pena da Hendaiako maratoi erdia dela egun berean eta ez dela hainbeste jende egongo parte hartzen“. 

“Baina bestetik ongi dator 1600 korrikalaritara mugatua egotea. Esate baterako, azken lasterketan Hiru hondartzetan 3.000 partehartzaile ziren.  Horrelako probatan lehen lau kilometroetan jendea pilatzen da eta pixkanaka zoaz aurreratzen. Behobian ere hori gertatzen da,“ onartu du.

Familia kirol zalea

Aitaren antzera Gorka eta Eli kirol zaleak dira, nahiz eta orain Elik kirolik ez egin. “Kirola beti bizi izan da gure etxean. Txikitatik kirola egin dut, igeriketa eta futbola. baino gehien gustatzen zitzaidana eskiatzea zen, asko disfrutatzen nuen“.

Gorkak, berriz, futbolean jokatzen du, “aitarekin Hiprodromora joaten nintzenean hasi eta orain arte jokatu dut“.

Gainera, korrika egiten jarraitu eta lasterketen munduan buru belarri sartu nahi duela adierazi du, “futbola utziko dut. Nire aitonak, amaren partetik, maratoiak eta hainbat lasterketa egin zituen bere garaian eta hark lagunduta prestatzen ari naiz“ .

“Aurten lau edo bost lasterketetan parte hartu dut. Asteburu honetan Donostiako 15 km-etan izango naiz lasterka, Hiru hondartzak proban izan nintzen aurrekoan, Añorga Txikiko lasterketan, Pasaiako krosean eta Donostiako Maratoi erdian. Lasarte-Oria Bai! Krosean parte hartuko dut eta bi astera, Behobia-Donostian. Agian Maratoia edo Maratoi erdia egingo ditut. Ikusiko dugu“ gehitu du. 

Baina Gorkak azpimarratu duenez, “lasterketa asko dago aste hauetan. Tamalez Behobia eta gero ez dago ia bat ere, horrek amorrua ematen du. Badirudi guztiak Behobia prestatzeko direla“.