Herrian zehar igandean egingo den 10 kilometro eta 500 metroko ibilbidea oso ondo ezagutzen du David Martin herritarrak. Lau aldiz irabazi du Lasarte-Oria Bai! krosa eta lehenengoan izan ezik, gainontzeko edizio guztietan parte hartu du.
Berari eskatu diogu ibilbidearen inguruko zehaztapen eta aholkuak korrikalari hasi berrientzat. Izan ere, argi utzi nahi izan duen moduan, “beste lasterketetan esperientzia duten korrikalariek oso ondo dakite nola burutu behar duten“.
Orokorrean Martinen esanetan ibilbidea nahiko laua denez ez dauka zailtasun berezirik. Lasterketa hasi eta berehala “korrikalariak bere martxa hartu behar du. Askotan tropelaren abiadura jarraitzeko joera dago eta azkarregi hastea dakar korrikalari askoren-tzat. Norberak bere burua ondo ezagutu behar du eta normalean kilometroa 4'50 minututan burutzen bada, zerbait gaizki ari gara egiten lehenengo kilometroa 4'10eko denboran egin badugu“.
"Lasterketa batean lehenengo kilometroak azkarregi egitea denek noizbait egin dugun akatsa izan da"
Kontuz ibili behar da bigarren kilometrotik hirugarrenerako zatian, Donostia etorbideko aldapan hain zuzen. “Rotonda batetik bestera oraindik indarrak daude, nahiko hasieran dagoelako eta joera izaten da azkar igo-tzea. Mantsoago igotzeagatik ez da ezer gertatuko, segundo gutxi batzuk galduko ditu korrikalariak, apenas 400-500 metro direlako“ baina Martinen ustez merezi du erritmoa lasaitu eta indarrak neurtzea, kontutan izan behar da oraindik beste zazpi kilometro geratzen direla aurretik.
Ondoren, Martin Berasategiko aldapa behera dago 4. kilometroan eta hortik aurrera nahiko laua da ibilbidea. “Hori bai kontuz ibili behar da pixkat haizearekin, hego haizea baldin badago Zumaburutik Oriaraino aurpegiz jotzen zaitu. Bestela zati honetan ere zailtasun aipagarririk ez“.
Ikusleen babesa
Oriatik Hipodromoraino normalean animatzen jende gutxi egoten dela azpimarra-tzen du korrikalariak. “Dagoeneko ibilbidearen parte handia eginda dago eta hor nabaritu daiteke indar falta, ordurarte lagundutako animo horiek faltan botatzen dira“. Zati honetan “Landaberriko aldapa zatia aipa daiteke, oso laburra da baina nire ustez berdin, erritmoa jaitsi, eroso igo eta hortik Zubietako errepidea hartu arte aldapa behera da eta erosoa“.
Jarraian Hipodromoko zubitik Zubietarainoko bidean “ez dirudi baina malda txikia dago eta gorpu-tzak ia igartzen du, kontutan izan behar da 8. kilometroa dela. Hor esan daiteke lasterketa eginda dagoela, azken kilometroak disfrutatzeko dira gainera jendetza egoten da animatzen“. “Normalean aurrean ibil-tzen direnek bai gordetzen dituzte indarrak azken kilometrotan postuak aurreratzeko, irabazteko baina gainontzekoek ez dute zertan hori egin behar. 300. izateko edo 350. ez luke garrantziarik izan behar helburua bukatzea eta disfrutatzea beharko luke. Azkenean zailtasunak norberak bere buruari jartzen dizkio, marka hobetu edota lagunaren aurretik sartzeko nahia da“.
Behobia batean esaterako askoz luzeagoa izanda, ibilbidea aztertu eta zati bakoi-tzean indarrak nola neurtu pentsatu behar dela dio Martinek. “Aipatu behar da lasterketetan ateratzen den jendea bere burua ondo ezagutzen duela eta badaki zer egiteko gauza den. Hala ere, esperientzia asko ez badugu tropelean sartu eta lehenengo kilometroak azkarregi egitea denek egin dugun akatsa da“.
Aurten tropelean
David Martinek iaz iragarri moduan aurten lasterketa mundua baztertuta utzi du urte askoren ondoren. Helburua beste bat du “aurten tropelean aterako naiz eta nire helburua disfrutatzea da. Esan dudana egingo dut, aldapan gora mantsoago eta behera azkarrago joaten saiatuko naiz“. Igandeko irabazle posiblea zein izan daitekeen galdetuta argi izan du Martinek, “indarrez ondo iristen bada, Raul Gomez izan daiteke txapela jantziko duena. Oso ondo ibili da aurten lasterketetan eta maila oso ona erakusten gainera“.
Bere ustez, aurrean ibiliko dira ere, Jose Luis Delgado eta Raul Tejado herritarrak. “Gero ez dakit zeintzuk etorriko diren, Yeray Varelak eta Sergio Romanek esaterako oso maila altua dute eta parte hartzekotan irabazle izan daitezkela pentsatzen dut“.
David Martinek herriko lasterketan eta Behobian parte hartuko du. Lasarte-Oria Bai! krosean soilik lehenengo urtean huts egin zuen, gainon-tzekoetan parte hartu du eta honetan huts gehiago ez egiteko asmoa du, “herriko lasterketan parte hartu behar dut“. Behobian ordea iazko zazpigarren postua ez da errepikatuko berak aipatzen duenez, entrenamendu gutxi egin ditu eta lasterketa honetan ere lehia baztertuta korrika egin eta gozatzea da helburua.
Urte askotan maila bikaina erakutsi ostean, lasaitasunez hartzea, erabaki zuen iaz herriko korrikalariak. Entrenamendu ordu horiek familiari eskaintzeko batez ere. Guztiz utzi ez eta disfrutatzeko korrika egitea erabaki du Martinek, bereziki gustatzen zaizkion lasterketa horietan parte hartuko du aurreran-tzean. Bereziki maitia duen horietako bat bere herriko krosa da, “Lasarte-Oriako kaleetan barrena korrika egin eta sortzen den giroaz disfrutatzen jarraitu nahi dut“.