Lasarte-Oriako haurrak ere korrikalari

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 21a

Helduen antzera etxeko txikiek eta gaztetxoek haien dohainak erakusteko aukera izango dute Kros Txikian. Bost eta hamalau urte arteko lasarteoriatarrek adinaren araberako ibilbidea egingo dute korrika. Izan ere, Ostadar SKT-k gure herriko atletismo harrobia ere lantzen du.

Helduen krosa eta sari banaketa amaitu ostean, 12:15ak aldera, Kros Txikiaren txanda izango da. 800 bat haur eta gaztetxo lasterketa desberdinetan Geltoki kaletik barrena korrika ikusteko aukera izango da. Eta helduen antzera, bost eta hamalau urte bitarteko korrikalariak Okendo plazako helmugara iritsiko dira.

Ibilbideak

Urtero legez, adinaren arabera sei mailatan banatuak egongo dira etxeko txikiak A mailakoek, txikienek, 100 metro egingo dituzte Ruiz fruta-denda eta Okendo artean.

2007 eta 2006 urtean jaiotako haurrek Geltoki eta Iñigo de Loyola kale arteko bidegurutzetik Okendo artean dauden 150 metroak egingo dituzte.

Handienek, aldiz, 400, 800 eta 1200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte: Okendon hasi, Hipodromo kalea hartu eta Uistin kaletik barrena joango dira. Blas de Lezotik Geltoki kalera egin eta Okendon bukatuko dute. Gero eta helduago, orduan eta bira gehiago egingo dituzte.

Haurrak nora eraman

Antolatzaileek jakin arazi dutenez, Kros Txikiko eskuorrian aldaketa bat dago A eta B taldeen harrera guneari dagokionez. Honela, 2008 eta 2006 urte artean jaiotako haurrek Michelingo kirol gunean izango dute harrera gunea. 

Gainontzeko adin guztiak, hau da 1998etik 2005ra bitartean jaiotakoak, Udaletxe berriko arkupeetan eta Antonio Mercero plazan bilduko dira.

Antolatzaileek eskertuko lukete, haur guztiak bere lasterketa baino 15 minutu lehenago edo 12:00ak aldera dagokien hasiera gunean egotea. Era honetara, taldeak eta lasterketak garaiz antolatu ahal izateko denbora edukitzeko.

Harrera gunetik irteera punturako bidea begiraleen laguntzaz egingo dute.

Behin krosa amaitu eta gero, haurrak, Okendo plazako helmugaren ostean jaso behar dira.

Izena ematea

Oraindik izena eman ez duten haur eta gazteek aukera dute.

Gaurtik ostegunera arratsaldeko 18:00etik 20:00era Ostadar S.K.T.ko egoitzan egin ahal da inskripzioa. 

Bestela, igandean bertan, Okendo plazan egongo den informazio gunean ere egin ahal izango da, 11:00etatik 12:00etara bitartean.

Bost euro ordainduta parte hartzeko aukera izango dute etxeko txikienek. 

Gainera, parte hartzaile guztiek kamiseta bat, domina bat eta edateko jogurt bana jasoko dute.

Antolatzaileek azpimarratu dute, ikastetxeetan ez dela izen ematerik egingo.

Era berean, izena ematea mugatua dela jakitera ematen dute. Eta beraz, azken egunerako ez uztea gomendatzen diete gurasoei.