Iritsi da Lasarte-Oria bai! Krosa

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 21a

Sei egun besterik ez dira falta Lasarte-Oria korrikalariz bete-tzeko. Igandean, urriaren 27an, Lasarte-Oria Bai! krosa izango da berriro ere gure herriko kaleetan. Antolakuntzak 1600 korrikalari espero ditu eta maila desberdinetan Okendo plazako helmugan lehena izateko lehia handia izango da.

Urriaren azken igandea dugu 27a eta gure herrian ohiturari jarraikiz, Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoiaren XVIII.edizioa izango da.

1600 bat korrikalariek 10,5km-ko ibilbidea egin beharko dute herrian barrena Okendo plazako helmugara iritsi baino lehen.

Iazko lasterketarekin alderatuta, aurtengo edizioan ez da aparteko berrikuntzarik izango. “Lasterketa finkatuta dago, eta hemendik aurrera egingo ditugun aldaketak lasterketa hobetzeko izango dira” azaldu dute Ostadar SKT-ko arduradunek.

Lasterketa

Igandean, 10:30ean hasiko da Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoiaren XVIII. edizioa.

Baina antolakuntzako kideek ohartarazi dutenez,  igandean goizaldean ordu aldaketa izango da eta goizeko 3:00etan 2:00ak izango dira. Beraz, adi erlojuei.

Gauzak honela, lasterketa hasi baino lehen Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra egingo diete korrikalari guztiei.

Jarraian, elbarrituen lasterketak emango dio hasiera kros herrikoiari.

Azken urteetan bezala, krosaren irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da eta helmuga berriz, Okendo plazara iritsi baino apur bat aurrerago, Laubide bezala ezagutzen den bidegurutzean hain zuzen. 

Ondoren, parte-hartzaileek 10.500 metroko ibilbidea bete beharko dute herriko auzo desberdin eta Zubietako lurrak zeharkatuz.

Maila desberdinetan lehia handia izango da. Gizonezkoen kasuan, esate baterako, azken urteetan garaile izan den David Martin herritarrak parte hartuko duen arren, ez da lehen postuagatik lehiatuko. Beraz, garaile berria izango da maila honetan.

Lasterketa amaitzean Merzero plazan fruta, ura eta alkoholik gabeko garagardoa izango dute korrikalariek indarrak berreskuratzeko.

Era berean, Lasarte-Oriako kirol instalazioak, bai kirol gunea, baina kiroldegia ere erabiltzeko aukera izango dute kirolariek.

Izena ematea

Dudatan dauden herritarrek astia dute oraindik izena emateko. Honetarako Ostadar SKT-k hainbat aukera jarri ditu herritarren eskura. Ostadar SKT-k Geltoki kaleko 25. zenbakian duen egoitzan astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara egin daiteke, baita www.ostadarskt.org edo www.kirolprobak.com web orrialdeetan ere. 

Antolatzaileek adierazi dutenez, plaza kopurua 1600 kirolarietara dago mugatua. 

Hala ere, dortsalak geratuz gero, egunean bertan ere Michelin kirol guneko pilotalekuan 9:00etatik 10:30era inskripzioa egin ahalko da.

Izen-emateak 12 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 8 euro; txip horia daukaten korrikalarientzat, 11 eta azkeneko egunerako uzten dutenek, 19 euro ordaindu beharko dituzte.

Dortsalak eta oparia

Aurreko urteetako harrera ona ikusita, aurten ere dortsalak, txipak eta kamiseta teknikoak bezperan banatuko ditu Ostadar SKT-k.

Hauek larunbatean,  urriak 26a, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30ra arte jaso ahalko dira Michelin kirol guneko pilotalekuan.

Igandean, berriz, goizeko 9:00etatik 10:00ak arte egingo da banaketa. 

Antolakuntzak korrikalari guztiei, eta batez ere herritarrei eskatzen die ahal den neurrian materiala larunbatean jasotzeko lasterketa egunean lasaiago ibiltzeko. 

Era berean, dortsalak, txipak eta kamiseta teknikoak eskuratzeko korrikalariek egiaztagiriren bat aurkeztu beharko dutela gogoratzen dute.

Hau guztiaz gain, korrikalariek hainbat opariren zozketatan, kirol ekitaldiak ikusteko sarrerak, kirol materiala, afariak…. parte hartuko dute izena ematerakoan. 

Antolakuntzak jakitera eman duenez, aurreko urteko bideari jarraikiz, saridunei dortsala eta txipa jasotzerakoan jakin araziko zaie zein opari dagokion. Ezer esan ezean, antolakuntzakoei galdetzeko eskatu dute Ostadar SKT-ko lagunek.