Herriko bost presoren etorkizuna airean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urr. 21a, 17:02

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak goizean Ines del Rio presoa kalean beharko lukeela ebatzi du. "Parot Doktrina" Europako Giza Eskubideen Ituneko 5. eta 7. artikuluekin talka egiten duela esan dute epaileek. Doktrina ezarrita duten presoek bataz beste 25 urte daramatzate espetxean eta bost lasartoriatar dira egoera horretan, Niko Francisco, Xanti Arrozpide, Mitxel Turrientes, Ina Orotegi eta Txurdi Rezabal.

197/2006 doktrina eta Ines del Rioren kasuan giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaur goizean. "Parot doktrina"  Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zuen irizpide bat da, eta ez lege bat. Arrazoi hau tarteko Estrasburgok ebatzi du Del Rioren kasuan askatasunerako eta segurtasunerako eskubideak urratu direla.

Hedabideek jaso dutenez, areto nagusiko hamazazpi epaileetatik hamabostek bozkatu dute epailearen alde, eta bik kontra. Araua 2006an ezarri zuen Espainiak, 197/2006 sententzia oinarri hartuta. Espainiako 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoek gehienez 30 urte egin zitzaketen ordura arte kartzelan. Horri Zigor Kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia. 2006an hain zuzen hori aldatu zen eta presoei zigorra arintzeko neurriak jasotako zigor bakoitzari ezartzeko agindu zuen. Aldaketa zigorra ezarrita zuten presoei ezarri zien, irteera eguna atzeratuz.

5 herritar

Del Rio bezala egun beste 59 preso daude, horien artean bost lasarteoriatar: Niko Francisco, Xanti Arrozpide, Mitxel Turrientes, Ina Orotegi eta Txurdi Rezabal. Espetxealdia egun batetik bestera luzatu zitzaien eta egun Niko eta Xantiren kasuan 26 urte daramatzate espetxean eta 27 urte Mitxel, Ina eta Txurdik. Azken hauek hiru urtetan ateratzekoak dira eta gertukoek adierazi moduan, "ikusi behar orain zer egiten duten epaileek ".

Estrasburgoren epaia bete beharrekoa da Espainiarentzat eta egin ezean, zigortzeko ahalmena du Estrasburgok. Auzitegi Nazionala da presoak aske utzi beharko dituena, honek bi aukera ditu, erabakia ofizioz gauzatu eta presoak askatu ala preso horien abokatuek eskaerak egin arte urratsik ez eman. "Honako bidea hautatuko duenaren uste orokorra dago" herriko presoen gertukoek adierazi moduan.

Orokorrean hala ere, albiste ona dela diote "ona da ikuspegi kolektibotik, euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren amaieraren hasiera delako". Espainiako Estatuak lehenago edo geroago "espetxe politika hau desmuntatzeari ekin beharko diola uste dugu. Presoen giza eskubideak nabarmen urratzen dituelako, nazioarteko legeditik kanpo dagoelako eta haren helburu bakarra konponbiderako prozesua oztopatzea delako; eta hori benetako arduragabekeria da".

Gaur "esan dezakegu salbuespeneko espetxe politikaren pareta pitzatzen hasia dela, eta hori albiste ona dela euskal gizartearentzat, bai eta Espainiako gizartearentzat ere. Ez gara eroriko, ordea, garaileen eta garaituen betiko jokoan. Gaurko irabazleak giza eskubideak dira, eta hori ona da herritar guztientzat. Epai honek mina arindu eta bidegabekeria zuzenduko du, eta konponbidea eta bakea lortzeko bidean aurrerapausoa egiteko aukera emango digu" azpimarratu nahi izan dute.

Euren ustez epai honek "agerian utzi du berriz Entzutegi Nazionalaren, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren jokabidea, frogatzen baitu erakunde horiek bidegabeki itxuraldatu zituztela legeak erabaki politiko bati men egiteko, hainbat presoren askatasuna galaraztea. Aurrerantzean, ordea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epai honi esker, preso horien askatasuna eragoztea edo atzeratzea prebarikazio agerikoa izango da, legez kanpoko zigor bidegabe bat luzatzea dakarrelako".

Espainiako Gobernuari eskatu nahi izan diote arduraz kudeatu dezala prozesua, eta gizartean alarma sor lezakeen eta gatazka, gorroto edo mendekurako pizgarria izan litezkeen muturreko jarrerak albo batera utz ditzala. "Alderdi Popularrak iraganeko politikak baztertzeko, giza eskubideak errespetatzeko eta konponbidean eta bakean behingoz inbertitzeko garaia da".