Udalak bost langile kontratatuko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 24a

“Enplegua indartzeko” Gipuzkoako Foru Aldundiaren programaren barruan udalerri bakoitzak bere biztanleriaren eta langabezia tasaren araberako pertsona kopuru jakin bat kontratatzeko aukera izango du. Hau dela eta, Lasarte-Oriako udalak egun osoko eta bost hilabeterako bost kontratazio egingo ditu.

Lasarte-Oriako udalak Aldundiaren egitasmoa baliatuz kontratatuko dituen langileak espazio publikoen eta azpiegituren kontserbazio eta mantenuri zuzenduriko lanak egingo dituzte. Zehazki: lehen mailako ofizialak diren bi pintore, beste bi pintore laguntzaile eta lehen mailako ofiziala izango den arotz postu bat beteko dira.

Udalak azpimarratu nahi izan du, eskaintzaren kudeaketa Lanbideren bitartez burutuko dela. Eskariak egiteko interesa duten herritarrek www.lanbide.net orrialdean aukera izango dute. Udaletxeak ezarririko baremazioa aplikatuko da langileak hautatzeko garaian eta baldintzak betetzen dituzten artean aukeratuak izango diren pertsonei elkarrizketak egingo zaizkie.

Baldintzak

Postu hauek betetzeko honako baldintzak bete behar dira; Lanbiden izen emanda dauden pertsona langabetua izan behar da, Udaletxeak egindako okupazio eta kategoria eskariekin bat egiten duen curriculum-a izan eta frogatzea eta azkenik, Lanbidek bidalitako curriculum-a baloratuko da, lan egoerarekin erlazionatutako (Babes ekonomiko maila eta langabezian egondako denbora), perfil pertsonalarekin (Adina, sexua, gaitasun murriztua eta Euskara) eta egokitze profesionalarekin loturiko zazpi irizpide biltzen dituen Udaletxeak ezarritako baremoarekin.

Lasarte-Orian erroldatuak dauden pertsonek lehentasuna izango dute. Kontutan izan behar da Lanbidek bidalitako curriculum-a baloratuko dela udalak ezarritako baremoa kontutan izanda eta aurrez-aukeraturiko pertsonei elkarrizketak egingo zaizkie, behin betiko aukeraketa egiteko.

Udalak baremazioa ere eskuragarri jarri du prozesuan parte hartzen dutenen eskura egon dadin.