Autobus zerbitzua aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 25a

Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrekin batera hobetu nahi du garraio zerbitzua eta horretarako, Gipuzkoako lau eremutan parte-hartze prozesu bat jarri du martxan. 56 herrietan bilera irekiak antolatu dira eta Lasarte-Orian bi egingo dira.

Garraio zerbitzua aztertzeko lehen bilera atzo arratsaldean izan zen Villa Mirentxun.

Honetara hurbildu ziren herritarrek hainbat dinamika burutu zituzten. Autobus zerbitzuaren alde positiboak eta negatiboak zehaztu, haien mugikortasun ohiturak ikusi eta eremuan dauden autobus, zein Euskotren lineak aztertu zituzten. Honetz gain, haien proposamenak egiteko aukera ere izan zuten.

Aipatu legez, hau ez da herrian egingo den bilera bakarra izango, asteazkenean, urriaren 30ean, bigarren  bilera izango da Gaztelekuan 18:00etatik 19:30era. Gipuzkoako Foru Aldundiak heriko gazteak gonbidatzen ditu bileran parte hartu eta autobus zerbitzua hobetzen laguntzera.

Ekarpena egin

Honetaz gain, Internet bidez edo etxebizitzetara iritsi den eskuorriaren bidez ere ekarpenak egin ahal izango dira. Horretarako hain zuzen galdetegi sinple bat osatu da, eta hori betetzea besterik ez da egin beharko.

Internetari dagokionez, www.garraioahobetzen.net orrialdean sartu behar da. Galdetegia bete eremuan klikatu eta lehenik eskualdea edo eremua aukeratu behar da. Jarraian, galdetegia erantzutea besterik ez da.

Eskuorrien kasuan, Lasarte-Oriako hainbat eraikuntza ofizialetan jarri diren kutxetan utzi behar dira galderak erantzun ostean.

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat oso garrantzitsua da herritarrek prozesu honetan parte hartzea. Horregatik, ekimena sustatzeko eta parte hartu dutenak saritzeko, prozesu honetako galdetegia betetzen duten guztien artean zozketa egingo du. Mugi/Lurralbus txartela kargatzeko 20 euroko bonoak zozketatuko dira.