Parte-hartze handia Lasarte-Oria Bai! krosean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urr. 27a, 13:31

Giro ezin hobean burutu da Lasarte-Oria Bai! krosa Lasarte-Oriako kaleeetan barrena. 1037 partehartzaile izan dira irteera puntuan. Yeray Varela oñatiarra izan da garailea.

Goiz goizetik Lasarte-Oriako erdian giro ezin hobea izan da. Antolatzaileak, korrikalariak beroketak egiten, herritarrak lekua hartzen... Guztiak XVIII. Lasarte-Oria Bai! krosaren irteeraren zain.

Erketz EDT-ko lagunek agurra dantzatu eta elbarrituen lasterketari hasiera eman zaio. Ostean, kroseko mila bat parte hartzaileak atera dira ziztu bizian.

Elbarrituen mailan, Imanol Martinezek hasieratik hartu du lasterketako burua eta ez da sorpresa handirik izan helmugan. Aingeri Semperenak eta Jose Antonio Iglesis-ek osatu dute podiuma.

Gizonezkoetan berriz, lehen kilometroetan hamar laguneko taldetxo bat sortu da eta azken kilometroetara arte, elkarrekin izan dira. Hipodromo aldean Unai Arroyo eta Yeray Varelak aurre hartu dute eta helmugan Yeray Varela oñatiarrakk hamabi segunduko tartea atera dio Arroyo hernaniarrari. Hirugarren Jose Antonio Blanco izan da.

Lehen lasarteoriatarra Raul Gomez Margallo izan da. Zazpigarren postuan sartu da.

Emakumeen mailan berriz, Amaya Carretero zarauztarra izan da helmugan lehen eta bigarrenari, Ainara Pachecori minutu bat baino gehiagoko aldea atera dio. Amaia Arbillaga tolosarra izan da hirugarren helmugan. Lasarteoriatarrei dagokionez, Maria Mendibe izan da lehenengoa.