Marea arrosa Geltoki kalean

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urr. 27a, 20:11

Kolore arrosa izan da nagusi eguerditik aurrera Geltoki Kalean eta inguruetan. Jendetza bildu da euren etxeko atleta txikiei txalo eta animoak ematera. Parte-hartzaileen artean, denetariko korrikalariak ikusi ahal izan dira. Irabaztera itsu-itsuan ateratzen zirenak, amaitzea beste helbururik ez zutenak eta ibilbideaz gozatzea erabaki zutenak. Garrantzitsuena denek elkarrekin goiz pasa polita egin eta izerdi pixka bat botatzea izan da.

Herriko kros txikian sortzen den giroa sekulakoa izaten da zentzu guztietan. Ikustekoa izan ohi da irteera-marran gaztetxoek duten egonezina eta lehenbailehen esprinta-tzen hasteko gogoa. Lokarriak ongi estututa dituztela egiaztatu eta abiada bizian irteten dira Geltoki kaleko zuzengunea airean osatzeko.
Ostadarreko boluntarioek galtzak bete lan izaten dituzte askotan neska-mutil txikitxoei eusten. Ostadarreko erbiek alde egitean dator benetako festa. Ezkerretik, eskuinetik, erditik... Edozein txokotatik elkar aurreratzen saiatu ohi dira gaztetxoak eta noski, estropezu txikiren bat izatea ohikoa izaten da halakoetan.
Zorionez, ez da ezer larririk gertatu gaurkoan. Dena den, askotan jendeak antolatzaileen aholkuei entzungor egin eta errepidea zeharkatzen hastean sortzen da benetako arriskua. Baina orokorrean festa egun handiaz gozatzeko aukera izan dute haur eta gaztetxo lasarteoriatarrek.

Azkenak, txalotuenak
Lehen postuetan iristen direnek ia entzun ere ez dituzte egiten jendetzaren animo oihuak. Baina azken postuetan erdi herrenka, barearekin edota pott eginda helmugaratzen direnek eskertzen dituzte herritarren maitasun keinuak. Hala izan zen atzokoan ere, helmuga marra zeharkatu zuten guztiak izan ziren txapeldunak.
Esfortzuaren ostean zain zituzten Jalguneko lagunak parte-hartzaile bakoitzari domina bana, yogurta eta ura banatuz.
Dakigunez, kirola irabazteaz gain doan zerbait da, eta adin hauetan are gehiago. Harrobia zaindu behar izaten da gerora neska-mutil kirolari eta kirolzaleak edukitzeko eta Ostadar bete-betean asmatzen ari da Kros Festaren antolaketarekin.

ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/558/