Iratzargailuak jo du eta urteroko galdera berbera. Ze ordu da? Mugikorrekoa ongi dago ala ordubete atzeratu behar dut oraindik? Ostadarreko hauek beste egunen batean jar zezaketen ba krosaren eguna… korrikalarioi urteroko estualdi hori aurreztuko baligute gaitzerdi.
Beno, goizeko 7:30ak (benetakoak) dira. Gosaltzera. Ohiturei jarraitzea izango da onena, te berdea, laranja zukua eta bi tostadatxo york urdaizapikoa eta olio pixka batekin. Gehiegi jatea ere ez baita ona goizean krosa edukiz gero.
Gosaldu berritan Youtuben Haile Gebrselassie sentiarazten zaituzten bideo motiba-tzaileak ikusi eta musika entzunez lasai egon ostean, katekorratzekin dortsala kamisetara josteko ordua da. Zapatilak, txipa eta kamiseta ikustearekin batera lehenengo tripa jatea dator. Ondo prestatu al dut krosa?
Bai Jon bai, lasai, egindakoa eginda dago, serietan maila ona eman duzu, goza-tzera atera eta kitto, ondo prestatuta zaude, ondo deskantsatu duzu… Eta automatikoki zure burua justifikatzen hasten zara krosa lehiatu aurretik alajaina! Beno, dena den… egun oso polita da herriarentzat, gozatzera irtengo naiz…
Kaka, gozatzera batzuk aterako dira, baina ni erlojuaren gatibu joango naiz, kilometro bakoitza ahalik eta azkarren jan asmoz. Presio pixka bat sentitzen hasia naiz honezkero.
9:30ak gainean. Berotzen hasteko ordua. Betikoa, bi buelta etxe inguruan, 15 minututxo eta luzaketa ariketak egitera. Hitz aspertuan korrikalari bat edo besterekin jardun, ezagunak agurtu… Hau jendetza! Pentsatu dut neure kolkorako.
Kros honek eduki behar du ba zerbait hainbeste jende biltzeko… Eta ez Behobiarekiko gertutasuna bakarrik… Badu beste zer edo zer oraintxe bertan deskribitzen asma-tzen ez dudana. Herriarekiko konpromisoa agian? Antolakuntza bikaina? Ibilbidea?
Luzaketak amaituta inten-tsitate handiagoko ariketak datoz: skipping pixka bat, oin puntetan soldadutxoarena… Garrantzitsuak dira iskiotibialak, kudrizeps muskuluak eta bikiak berotzeko.
Oscar Goikoetxea presta-tzailearen aholkuak azkenekoz adi-adi entzun eta trote azkarrak eginda irteera marrara gerturatu naiz. Erlojuari begiratu eta 10:30ak jotzear. Ene... aurten ere atzeratu egingo da irteera. Kirioak dantzan dauzkat honezkero.
Nor bere lekuan kokatu gara korrikalariok. Nire kasuan, nahiko aurrean egia esan. Aurreregi beharbada gure maila zein den kontuan hartuta. Atzera begiratu eta kolore uholdea. Ze polita. Eta aurrean jendetza kultur-etxearen parean. Hori da hori giroa, hau da herria. Gu gara herria pentsatu dut, eta halako lasarteoriartasun betekada patriotikoa sentitu dut bat batean...
Erketzekoen agurrak txalo zaparrada luzea jaso ostean eta elbarrituak abiatuta... Denok erlojuei begira, kronoa prestu... Eta bagoaz!
Krosaren irakaspenak
Hego haizearekin ez da giro. Nazka-nazka eginda nauka eguraldi honek. Lehen kilometro erdian alde genuen eta hegan zindoazela zirudien. A ze eguna daukadan! Pentsatu dut nirekiko.
Lehen lau kilometroak gustura egin ditut, erritmo onean eta gehiegi bete gabe. Dena ondo zihoan, aurreikusi bezala.
Hortik aurrera... Komeriak. Oriara bitartean aurpegiz jo digu haizeak eta hitz bakar batekin definituko dut Zumaburutik Bugatiraino bizi izan dudana: Gurutzebidea. Zer ote den gorputzari eskatu eta honek behin eta berriz ezetz erantzutea... Ezin zuela azkarrago joan esaten zidan. Gorputzak bale esaten duenean bale izaten da. Ezin da negozioatu. Eta kitto.
Nola edo hala iritsi naiz Dana Ona pareraino, oinak asfaltora itsatsiak banitu bezala sentitu naiz, ezin belaunak behar bezala jaso. Handik gutxira etorri da eguneko momenturik politenetakoa. Hipodromoko kurban Tourreko zenbait portutan baino jende gehiago ikusteak asko poztu nau. Ez nago bakarrik. Bide er-tzean ez ezik, ondoan ere konpainia ona dut. Atleta handia den eta lagun dudan Unai Oiartzunekin noa, baina ezin diot segi. Barea jarri zait eta arnasa sakon hartzeak min ematen dit bizkarrean eta sorbaldetan. Zubietara bidean pasa dut eguneko momenturik txarrena. Ia erretiratzekotan izan naiz laranja koloreko kamiseta eta Adidas Adizero Adios oinetakoak zeramatzan korrikalari bati esker izan ez balitz: “Animo! Poliki-poliki biok batera iritsiko gara helmugaraino“, esan dit mutilak.
Ez dakit herrikoa den, ez dakit hau irakurriko duen. Baina bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot hemendik. Helmugara iritsi banaiz berak emandako animoei esker izan da. Sinetsidazue.
Michelingo zuzengune amaigabean barrena noa. Aupa Jon! Eutsi Altuna! Dale fuerte Jon! entzuten ditut handik eta hemendik.
Helmuga marra pasa eta atzera begiratu dut. Normalean ez naiz atzera begiratu zalea, baina burua jiratu dut.Han zegoen kamiseta laranjako mutila bi eskuak belaunetan zituela Izarrako eskaileren kontra jarrita, hustuta. Ni baino dezente okerrago zihoan, baina hala ere ni animatzeko adorea izan du. Harengana hurbildu eta eskuak bizkarrean eta tripan jarri dizkiot. “Mila esker“ triste bat bakarrik atera zait eta bertan utzi dut, arnasari buelta ematen. Esker txarrekoa ni!
Bi irakaspen utzi dizkit gaurkoak. Bata, aurretiazko lana txukun eginagatik emai-tzak ez dutela zertan onak izan eta askotan albokoaren esaldi xume bat, keinu bat, ukitutxo bat, nahikoa dela aurrera jarraitzeko. Ez etsitzeko.
Eta orain lanera, bihar zuen etxeetan Txintxarri jaso dezazuen.