Inauterietako gaia Musika izango da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 30a

Udalak inauterietan parte hartzen duten konpartsa eta taldeekin egin zuen bileran aukeratu zen 2014rako Musika gaia. Honakoa aukeratzeko herritarrek egindako proposamenak hartu zituzten kontutan.

Udalak inauterietan parte hartzen duten talde eta konpartsekin egin zuen bilera bart Manuel Lekuonan eta honetan datozen inauterietako gaia zein izango den aukeratu zen. Guztira herritarrek egindako 98 proposamenak aztertu zituzten eta denen artean gehiengoaren gustukoa den gaia hautatu zen. Horrela izanda, Musika gaitzat hartzea erabaki zuten, "gai zabala eta aukera asko eskaintzen dituena" aipatzen zuten parte hartzaileek "musika taldez, musika estiloz, musika instrumentuz jantzi nahi duenak ere aukera dauka horrela".

Taxio Arrizabalaga zinegotziak gidatutako bileran, udal eraikinetan kokatutako postontzietan eta internet bidez gaiak proposatzeko aukera izan zuten herritarrek eta asko izan ziren parte hartzera animatu zirenak honen hitzetan. Hala ere, zinegotziak azpimarratu zuenez, gai batzuen artean antzekotasun handiak zeudenez taldeka sailkatu ziren. Gehien aipatu ziren multzoak:

-Ipuinak

-Musika

-Munduko kulturak

-Animaliak

-Zirkoa

-Marrazki bizidunak

Hala ere, udalak eskuragarri jarri nahi izan du gai zerrenda osoa herritarrek prozesua jarrai dezaten. Gaia aukeratuta, garaiz mozorroekin hasteko aukera dagoela aipatu zuten konpartsa eta taldeetako kideek.