Beltzak Ostadar Gure-Etxearen garaipena Gernikan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 30a

Beltzak Ostadar taldeko kadete eta infantilek partidak izan zituzten lehengo asteburuan. Beltzak Ostadar Gure-Etxea kadeteek Gernika garaitu zuten; infantil taldeek berriz, Atletico San Sebastianen aurka galdu zuten.

Lehengo ostiralean, urriaren 25ean, Beltzak Ostadar Gure-Etxea taldeko kadeteak Gernikan izan zuten partida eta 12-40 irabazi zuen Zarautz eta Lasarte-Oriako gazteez osatutako taldeak.

Zortzigarren minutuan Beltzak Ostadar jarri zen aurretik Xalbat Amiliaren entsegu eta jaurtiketarekin.

Taldeko arduradunek azaldu digutenez, 0-7 horrek partidaren norabidea erakutsi zuen. Beltzak-eko kadeteak baloiaren jabetza izan zuten, meleetan nagusi izan ziren eta paseetan ere fin ibili ziren.

Xabier Rekondo, Beñat Urresti eta batez ere, Xalbat Amilibiaren lana erabakigarria izan zen entsegu eta jaurtiketetan. Honela 0-28 iritsi ziren atsedenaldira.

Erritmo onean

Bigarren zatiko lehen minutuetan berdin jarraitu zuen partidak. Beltzak-ek entsegua lortu eta Xalbatek ez zuen jaurtiketan huts egin. Gernikak jokalariak aldatu eta entsegua lortu zuen.

Beltzak-ek ere aulkiko jokalariak atera zituen, baina baloiaren jabetza murrizten joan zen. Hala ere, erritmo onean jarraitzen zuten lehia eta presiopean hegalen laguntzaz David Vegari baloia iritsi eta marka gainditzea lortu zuen. Nahiz ete Xalbatek atean jo, markagailuko tartea handia zen dagoeneko.

Gernikak beste entsegu bat lortu zuen eta ondoren, atean sartu zuten. Era honetara, 12-40 amaitu zen partida.

Bestalde, Beltzak Ostadar Jalai infantil taldeek Atletico San Sebastianen aurka galdu zutela ere jakitera eman digute Errugbi eskolako arduradunek.