ERRIGORA ekimenarekin bat egin dute herriko hainbat elkartek, tartean Ttakun. Auzolanean, Nafarroa hegoaldeko nekazaritza indartzeko asmoz, eremu horretakoak propio diren produktuak Euskal Herriko plazan jarri nahi ditu. Merkatu globalizatuak konpetentzia baldintza gogorretara behartzen ditu bertako ekoizleak. Aldi berean “zona no vascofona”-ko euskalgin-tzari ekarpentxoa egin nahian bultzada ekonomikoa ematea ere badu helburu.
“Nafar Hegoaldeko uzta; euskarari puzka” kanpaina AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartea eta Zazpiak Bat Harreman Sarearen elkarlanaren emaitza da. 50 euroren truke Nafarroa hegoaldeko produktuetako saskia jaso daiteke; kalitateko produktuak, bertan ekoiztuak eta nekazarien lana aitortzen dutenak. Merkatuko prezio berean eskaintzen dira produktuok, baina desberdintasun batekin: %25 euskarari bideratuko zaio herritar askoren lan boluntarioari esker. Kanpaina honekin biltzen den dirua Lodosako ikastolara, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenera eta Erriberako helduen euskalduntzea mantendu eta zabaltzera bideratuko da.
Lasarte-Orian saski honen eskaera egin daiteke azaroaren 14a bitartean AEK Muntteri euskaltegian, Landaberri BHIn eta Ttakunen. Ordainketa ere eskaerarekin batera egin beharko da. Produktuak zeintzuk diren ikusteko Jalgin izango da aukera, baina han ez da eskaerarik jasoko.
Ondoren, produktu saskiak eskaera egindako lekuan jaso beharko dituzte herritarrek azaroko azken astean. Udaberrian izango da bigarren sorta erosteko aukera garaiko produktuekin.