Hilerriaren erabilera murriztu da

Txintxarri Aldizkaria 2013ko urriaren 31

Biharko egunean tradizioari jarraiki asko izango dira hilerrira gerturatuko diren herritarrak. Hala ere, egun geroz eta gutxiago dira lurperatzearen aukera hautatzen dutenak, 2012an 31 ehorzketa egin ziren, aurreko urtetako bataz bestekoa 60. Herritar gutxiago hiltzen dira? ez, erraustearen alde egiten dutenak geroz eta gehiago dira.

Santu Guztien egunean hilerrirako bisita etxe askotan ohitura da oraindik. Hala ere, badirudi udalak erraztutako datuen arabera, geroz eta gutxiago direla lurperatzearen aldeko egiten duten herritarrak. Bataz bestekoa urtean 60 ehorzketa ziren, iaz 31 izan zirela adierazi dute. Ia erdira murriztu da hilerrira iristen den bizilagun kopurua.

Krisia dela eta ez dela, Lasarte-Oriako hilerrian, gainontzekoen antzera egonaldia ez da doan ateratzen, nitxoagatik 1.027,10 euro ordaindu behar dira eta honi gehitzen zaio hilobiratzeko zerbitzua 70,80 euro. Hilobi komunetan lurperatzea merkeagoa da, 516,60 euro gehi hilobiratzeagatik ordaintzen diren 70,80euroak.

Panteoia 9.148 euro

Familia guztia leku berean jasotzeko, ordea panteoiak daude, hobeto esanda, udaletik adierazi moduan, momentu honetan ez da librerik geratzen. Hala ere, hauetako baten prezioa 9.148eurokoa da. Egun 91 fosa eta 18 nitxo daude libre Illarraltzuetan.

Lurperatzea ordea ez da betirako eta urte batzuen buruan lurpetik ateratzen dira gorpuzkiak lekua beste batzuei uzteko. Momentu horretan udalak familiari jakin arazten dio egoera eta hezurrekin bi aukera daude, batetik familiak har ditzake eta kolunbario batean gorde, erraustu edota beste hilerri batera eraman. Jasotzen ez direnak, hobi komun batean botatzen dira.

Udaletik azaldu dutenez, ehorztetxean egin ohi dira beharrezkoak diren tramite guztiak.