Lan munduan normalizazioaren bila

Nerea Eizagirre 2013ko aza. 4a, 10:17

Gureak enpresan lanean dauden gazteen gizarteratzea eta gazteen egoeraren normalizazioan pausoak emateko asmoz lanbide programa du martxan. Honen bitartez tailerretan lan egiten duten gazteek, ingurunea aldatu eta jende berria ezagutu dezakete. Lasarte-Oriako Udalak programa honetaz baliatuz bi gazteri lan egiteko aukera eskaini die. Aitor Carrasco duela hilabete hasi zen lanean Udal liburutegian eta Amaia Carcamo ekaina bukaeratik dago kontu-hartze sailean. Haiekin eta haien lankideekin bildu gara programari buruz eta egiten duten lanari buruz gehiago jakiteko.

Aitor Carrasco eta Amaia Carcamo gazteak Lasarte-Oriako Udalean ari dira lanean. Ez ohiko langileak dira, urritasuna dute. Gureak taldeko kideak dira eta honek duen lanbide programari esker, tailerra utzi eta lan inguru normalizatu batera egokitu dira. 

Aitor duela hilabete hasi zen lanean Udal liburutegian eta lagungarri gisa, hezitzailea du, Ester Bastida. Honek bere zereginak azaldu eta lanean egokitzen laguntzen dio. Amaiak, berriz, hilabete ba-tzuk daramatza kontu-hartze sailean eta ez du dagoeneko  bere zereginetan laguntzarik behar, horregatik jarraipen prozesuan dago.

Ester Bastida hezitzaileak Gureak taldearen lanbide programa honen nondik norakoak azaldu dizkigu, “16 urtera arte ikastolan daude eta integratuak daude. Baina adin horretatik aurrera ez dago aukera askorik. Horregatik, haien integrazioa beste maila batzuetan lortzeko, aisia edo lanean horrelako programak daude”.

Honetarako, prozesu bat jarraitzen da. “Tailerrean  ekoizpen lineal batean daude lanean. Haiek lana aldatzea eskatzen dute lan desberdinak egiteko edo inguru eta pertsona berriak ezagutzeko asmoarekin,” aipatu digu.

Programan sartzen diren gazteek bi hilabeteko heziketa jasotzen dute. “Gero bakoitzak aukeratzen du zein lan egin nahi duen. Edo ziur ez badaude lana non egin dezakeen aztertzen da beti ere, gustuko duena kontuan izanik.”

Gazteek 900 bat ordu egin behar dituzte programa honen baitan. Ordu hauek goizez betetzen dituzte eta arratsaldean, berriz, denbora librea dute edo tailerrera bueltatzen dira.
Honela, bulego lanak edo zerbitzu lanak egiten dituztela adierazi digu Esterrek. “Hala nola, liburutegian edo bulegoetan egiten dute lan edo beste batzuk, laguntzaile lanetan egoten dira jantokietan edo garbiketak egiten, eskoletan... Laguntzaile postuak dira, bertakoei lana arintzeko zereginak egiten dituzte”.

Honetaz gain, azaldu digunez, lan hauetara egokitzeko hainbat hilabeteetan pertsona bat egoten da haiei laguntzen. “Lanean ez ezik, etxetik lantokirako bidean ere laguntzen diegu. Behin egokitzapen hori eginda, pixkanaka bakarrik uzten ditugu. Beharren arabera, ez daukagu data finkorik. Ongi doanean gure postua uzten dugu eta bere lanaren jarraipena egiten da. Hamabost egunean behin edo hilabetero, bere lana gainbegiratzera dator pertsona bat”.

Liburu eta DVD artean
Aitor Carrasco herritarra 20 urtetatik dago Gureak-en lanean. Bertan sukalde edo ur-berogailuentzako zatiak egiten ditu. Duela bi urte bulego lana egitea aukeratu zuen eta SIT fabrikan, Martutenen egon zen. “Urte bat praktika moduan eta bigarrena bakarrik”. Baina krisia dela eta, bere lanpostua murriztu zuten eta beste lantoki bat bilatu zioten, Manuel Lekuona kultur-etxeko liburutegia.Manuel Lekuonako langile asko aurretik ezagutzen zituenez, ez zaio zaila egin bertan txertatzea eta bere lan berriarekin oso pozik dagoela ere adierazi digu. “Oso pozik nago lanarekin eta arduradunekin eta lankideekin”. 
Izaskun Urdanpileta liburuzainak azpimarratu duenez, ederki egokitu da Aitor bere lanera. “Hilabete bat darama hemen urriaren 4ean hasi zen. Asko ikasi du eta asko laguntzen digu”.Bere zereginak “egunkariak bildu, hauek grapatu, liburu eta DVDentzat datagailuak prestatu, liburuak eta DVDak alfabetikoki ordenean jarri, fotokopiak egin” direla azaldu digu Aitorrek.

“Liburutegian egunero gauza berak egiten dira, baina ez dago beti lan kopuru berdina. Etortzen den jendearen araberako edo uzten diren liburuen arabera egiten da lan,” azpimarratu du Izaskunek. 
Beraz, Aitorren lanak ere egunez egun aldatzen direla azaldu digu. “Lehen orduetan hamaikak arte lan finkoak ditu. Era honetara, iristerako egunkariak prest ditut, etab. Gero beharren araberako lanak ematen dizkiogu. Nik askotan ezin dut liburu dendara joan eta bera bidaltzen dut liburuen zerrendarekin edo eskoletara zerbait eraman behar dugunean ere Aitor doa”.

Izaskunek adierazi digunez, “Hasieratik lan batzuk genituen pentsatuak, baina bere ahalbideak ikusi eta pixkanaka lan gehiago ematen goaz. Hasieran ez zitzaidan otu liburu dendara joaten lagundu ahal zuela. Honetaz gain, guretzat garrantzitsua izango den zerbait egiten ari da, DVDak alfabetikoki jartzen”. 

Hezitzaileen lana ere aipatu du Izaskunek, “Esterrek lan handia egiten du, guri galdetzen digu Aitorrek zer egin behar duen eta berak irakasten dio. Bere metodoak ditu gauzak irakasteko eta pazientzia osoz egiten du. Guk ez dugu hainbesteko denborarik zereginak irakasteko”.


Lan eta lan
Udaleko Kontu-hartze sailan ere oso pozik daude Amaia Carcamok egiten duen lanarekin. Amaia San Pedro egun bezperan hasi zen lanean. “Berez, uztailaren 1ean hasi behar zen, baina San Pedro egun bezperan langileentzako luntxa dagoenez lankideak ezagutzeko aukera ederra zela pentsatu genuen,” azaldu digu Axun Ariztegi kontu-hartze saileko arduradunak. Aurretik bi urte egin ditu Easo institutuan administrari laguntzaile lanak egiten. “Eta horrek animatu gintuen Amaia ekartzera,” aipatu du Axunek.

Ordenagailua, karpetak izendatzeko dimoa,... ditu bere mahai gainean. Amaia oso ongi egokitu da lanera eta horren seinale jarraipen prozesuan dagoela da, “irailean joan zen bere hezitzailea”.
Kontu-hartze saileko administrari laguntzaileen lana arintzeko dago Amaia. “Karpetak prestatu, premia duten dokumentuak artxibatu, paperak suntsitu, espedienteak ordenagailuan sartu eta bankuen laburpenak ordenean jarri,” dira bere zereginak Amaia berak azaldu digunez eta lan eta lan dabilela ere onartu du. 

“Bere ezagutzak zereginetara egokitu ditugu. Berak txuleta bat du eta hasieratik bere laguntzailearekin egunero egingo zituen zereginak finkatu genituen. Izan ere, azaldu zigutenez, inprobisazioa ez dute ongi eramaten,” adierazi du Axunek eta bere lana noizbehinka gainbegiratzen dutela ere dio.

Gainera, astelehen arratsaldetan errefuertzo saioa duela aipatu digu Amaiak. “Zailtasunak sor ditzaketen eginkizunak lantzeko da. Esate baterako, eskutitzak bidaltzeko probintziak, hiriak, posta kodeak... Amaiak arazoa zuela ikusi genuen eta hori lantzen du,” azaldu du Axunek.

“Egin duen lana oso ongi baloratu behar dugu. Beretzat oso positiboa da, lan inguru normalizatu batean dagoelako eta guretzat ere positiboa da laguntzeko bi esku gehiago direlako. Gainera, gauza asko ikasten ditugu,” azpimarratu du Kontu-hartze saileko arduradunak.