Lorea Agirre kazetari eta antropologoak hitzaldia eskainiko du Villa Mirentxun euskararen inguruko hainbat gogoeta plazaratu eta hausnarketarako parada emanez. Herriko hainbat eragilek gonbidatuta dator Agirre Villa Mirentxura.
Zein ideian oinarrituko duzu hitzaldia?
Nor garen eta bagarela nor, horretaz hitz egin nahi nuke. Eta euskaldun izatea egungo kulturan nola eta nondik elikatu daitekeen. Gizarte aldaketek ze desafio jartzen dizkiguten hizkuntza minorizatu bateko kide izatearen aldetik. Nola diskurtso eta praktikak berritzea dagokigun, adi egotea, eta ahal dela euskararen berreskuratzearekin gizarte eta bizimodu bizigarriago bat eta justuagoa bat eraikitzeko gai izatea ederra litzatekeela.
Euskaraz lan egiten duten elkarte eta erakundeen saretzea funtsezkoa al da?
Sarea ezinbesteko da euskaldun izateko, baina sare soziala, fisikoa esan nahi dut. Ez birtuala. Hori ere bai, jakina baina birtualak funtzionatuko du baldin eta herriko plazan elkar ezagutzeko elkar aitor-tzeko eta elkarrekin lan egiteko gai bagara. Euskararen alde, baina hori baino garrantzitsuago euskaraz. Eta euskaraz zer? Bada gustuko duguna, zoriontsuago egiten gaituena, poza ematen diguna. Eta horretan auzo eta herri mailako talde, banako eta erakundeen arteko elkarlana emaitza onak ematen ditu, Lasarte-Orian bezala. Horren alboan, lantzen joan hizkun-tza minorizatudun bateko kide izanik egiten dugun dena, gutxiena ere, eraginkorra dela. Alegia, zu zoazen tokira euskara badaramazu, hizkuntzak zure baitan leku gehiago hartzen du, baina hizkuntzak zure bitartez espazio berriak hartzen ditu.
Euskaldun izatea, kontzientzia ala identitatea?
Identitatea nor gara edo nor naiz galderari erantzuten dio. Gu, norbanako, izan gauza asko gara. Baina tartean euskaldun. Zer dakar berarekin euskaldun izateak? Hori da aztertu behar dena, eta horrekin batera euskaldun izaten jarraitzeko (guk eta gure ondorengoek, hala nahi badugu behintzat) ze helduleku ze barne segurtasuna indibiduala eta kolektiboak behar ditugu? Horretan asmatzeak dakar gakoa. Bestela euskaldun gara baina oso desorekatuak, edonora goazela eta edozein egoeraren aurrean hizkuntza ordezkapena automatikoki egiteko joera dugu, ez dugulako nahikoa indartua, txertatua, kontzientziatik pasea, gozatua hizkuntza, alegia, gure identitate linguistikoetako bat (euskaradun izatea) oso kontzientzia ahul eta hauskorreko dela. Mekanismoak landu behar dira, ko-lektiboak bereziki, identitate linguistikoa kontzientziaren lurraren gainean hazi dadin. Euskaldun izatearen kontzientziak dakar identitatea.
Egun zaila egiten al zaigu euskararen defentsa?
Zailago diskurtsiboki. Hau da uste dut gizarte postmoderno honen ezaugarri dela mugak lausotu direnaren ustea ematen duela, berdin dela bat edo beste, dena dela onargarri, dena dela erlatibo. Alde batetik ados nago, nahiago dut mundu erlatibo bat mundu absolutu bat baino. Ze euskaraz irabazteko edo arnas har-tzeko hizkuntza unibertsoan hobeto dagokio erlatiboa, eta erlatiboa baino gehiago, berdintasun eta aniztasunaren aldeko pentsamendua.
Baina egia da euskararen zentralitatea hainbat eremutan lausotu eta nahastu egin dela. Identitatearekin lotuta, gaur galdetzen badugu zer da euskalduna? Ziurrenik gehiengoak ez luke euskararekin halabeharrez lotuko; baskoa aldiz, sinonimotzat jo izan da tradizionalki, baina nago, gaur egun baskoa ez dela ezta ere euskararekin halabeharrez lotzen, eta bai aldiz erdararekin nahi eta nahi ez. Beste hainbeste basque hitzarekin. Euskalduna euskaraduna dela (doiketak eta ñabardurak ahaztu gabe inolaz ere) ideia uste dut indarra galtzen ari dela, erdaradunek jan digutela diskurtso hori ere.
Euskararen normalizazioan bide onetik goaz?
Ez dakit normal izatera iri-tsiko garen. Normala zer den definitu beharko genuke lehenik eta nago gaurko hizkun-tza eta kultura hegemonikoen hainbat alde normal ez genituzkeela guretzako nahi. Beste batzuk bai. Euskaraz beharbada inoiz baino gehiago hitz egiten da eta inoiz baino euskaldun oso gehiago dago. Baina proportzionalki gutxiago gara edo gure pisua ez da hain ikusgarria. Nik uste dut euskaraz egindako mundu baten aldeko apustua dela erronka nagusia. Esan nahi dut ekonomia, kultura, gizarte lanak, paisajea eta guztia eraikitzeaz herri egiten gaituela, baina benetako herri eta herrigintza lana hori dena euskaraz egiteak dakarrela. Erdaraz egiteak zer dakar berri? Zer dakar herrigintzari? Hori egiten da erdararen gainontzeko geografietan. Alegia, guk hizkuntza asko ditugu geure baitan, baina euskarak gu bakarrik gaitu eta hemen bakarrik gaitu, Julen Arexolaleiba sozio-linguistak esaten duen moduan.
Erronka horietan zein da herri mailan lanean diharduten elkarteen papera?
Elkarteen lana ezinbesteko da, beti ere bere lana herrigintzan kokatzen badu, kalean, eta ahal dela modu irekian, inklusiboan, euskararen munduan denok kabitzen gara, gainontzeko hizkuntzetakoak ere bai. Baina hizkun-tzak bere eskubideak ere baditu eta horrek eskatzen du hizkuntza ez ordezkatzea izatea baldintza nagusia. Oxigenoak euskara izan behar du, bestela euskara arnas gabe geratzen da.
Edozeinentzat da hitzaldia?
Hitzaldia edonorentzat da. Euskararen inguruan interesa duen edozeinentzat, baina baita herrigintzan kezka duena, edo bere ingurua sanoago eta hobeto bizitzeko ahalegina egitea nahiko lukeen edonoren-tzat. Azken finean esperientzia konpartituetatik gatoz denok, eta zer izan nahi dugun horretan denok dugu zer esana.