Nafarroan kokatuta dagoen Bertiz parke naturalera joango dira lehenengo parte hartzaileak. Honetan parke botanikoa ikusi eta mendi ibilbide erraz bat egingo dute ondoren.
Bertizko Jaurerria XIV. mendekoa da eta ordutik belaunaldiz belaunaldi oinordetzan pasa zen 1884 urtera arte. Urte horretan, Pedro Andres de Oteitza nabartearrak jaurerria erosi eta bere semeari eman zion, Felipe Oteitzari 1898an. Ondoren Pedro Ziga Mayo eta Dorotea Fernandezek erosi zuten eta hainbat berriztatze lan egin zituzten, garaiko Art Nouveau estilokoak. Hauek izan ziren azken jabeak izan ere, eurek utzi zuten jaunerria Nafarroako Foru Diputazioaren esku. Baldintza bakarra eremua zegoen bezala zaindu eta mantentzea izan zen.
Horrela bertan 4 hektareako lorategi botaniko ederra aurkitzen dute bisitariek, garai bateko jaunen etxe eta lorategia eta haritzak eta pagoak nagusi diren oihan zabaletatik mendi ibilbide desberdinak. Natur parkea izendatua izan zen 1984. urtean. Eremuak aukera asko eskaintzen ditu bisitariarentzat. Parke botanikoa ikusteko 3 euroko sarrera ordaindu beharko da. Doan sartuko dira umeak, langabetuak eta 65 urtetik gorakoak. Ordainketa bertan egingo dute parte hartzaileek.
Bertizen bazkalduko dute, bakoitzak bere bazkaria etxetik eramanda. Hartara denbora gehiago izango da arratsaldean Amaiur herrira gerturatu ahal izateko.
Azken erresistentzia
Arratsaldean Amaiurrera bisita, XVI. mendean bertan egiten ziren biltzarrak sarrerako arkua eta jaurerri-arkitekturak etxe dotoreak utzi ditu bertan, esaterako, Arretxea jauregia edo Arriada etxea. Herriaren sarbidean zaharberritutako errota bat ere dago martxan.
Honetatik ibilbide bat hasten da, 1,5 kilometrokoa, presa eta ubidea zeharkatu eta Gaztelu mendiko monolito mitikora iristen da. Honek Amaiur azken erresistentzia gunea izan zela gogoratzen du Nafarroa konkistatu eta Gaztelako koroan sartu zenean XVI. mendean. Gainera indusketa arkeologikoek azaleratu dituzte desagertutako gazteluaren zenbait dorre.
Izena ematea
Irteera honetan parte hartzeko deia luzatzen diete herritarrei Oinatz taldekoek. Ohi bezala, aurrez izena eman beharko da Ttakuneko bulegotik pasata. Autobusa aterako balitz 10 euro ordaindu beharko dira eta bestela kotxeeak antolatuko dira ibilaldia egin nahi duten guztien artean. Hitzordua azaroaren 10ean, 10:00etan Jalgin izango da.