Alboka Abesbatza primeran Katalunian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 5a

Alboka Abesbatzak harrera ezin hobea izan zuen Bartzelona aldean, zehazki, Sant Esteve de Sesrovires herrian. Lasarte-Oriako abesbatzak hiru egun pasa ditu bertan eta abeslariek eta bazkideek Sant Esteveko abesbatzako kideen adeitasuna eta esker ona jaso dute. Izan ere, bi herrietako abesbatzek egindako elkartrukearen barruan kokatu da bidaia.

Larunbata arratsaldean, Montse Latorrek zuzendutako abesbatzak “Agurra”, dantzari eta guzti, eskaini zuen kontzertuari hasiera emateko. Jarraian, polifonia eta folklore doinuak izan ziren Sant Esteveko elizan nagusi, hala nola, Pau Casalesek ezaguna egin zuen “El cant des ocels”. Herriko abesbatzak Amaia Dorronsoro piano jolearen laguntza izan zuen hainbat doinuetan. Kontzertu amaieran, Lasarte-Oriako taldeak txalo zaparrada handia jaso zuen eta Junkal Guerrerok moldatutako “Mutil txaleko gorri” eta “Agur Jaunak” abestiak eskaini behar izan zituen eskertzat.

Goizean berriz, Montserrat-eko monastegia ezagutu eta bertan bi kantu abesteko aukera izan zuen herriko abesbatzak. Julio Dominguezen “Ave Maria” eta Aita Donostiaren “Virgo dei genitrix” izan ziren bertan eskainitako lanak.

Bestalde, ostirala arratsaldean eta igandean, Bartzelona ezagutzeko aukera izan zuten abesbatzako kide eta bazkideek.  “Primerako esperientzia izan da guztientzat eta oso pozik gaude egindako lanarekin”, azaldu dute Alboka Abesbatzako kideek.