Villa Mirentxun herriko hainbat elkartek antolatuta Lorea Agirre kazetari eta antropologoa izan zen hitzaldia ematen. Honek hizkuntzaren inguruan hausnartzeko aukera ekarri zuen. Hasteko aipatu zuen euren lanetako bat izan dela Lasarte-Orian, nola eta zergatik gertatu den euskararen berreskuratzea. "Hortik ideia batzuk bildu eta antzeko egoeran dauden gunetan aplikatzen saiatu gara. Komunitate batean arrakastatsua dena beste batera zuzenean eramatea ez da hain sinplea eta ez du zertan funtzionatu behar".
Halako hitzaldiek garrantzia dutela azpimarratu zuen, "hizkuntzaren bueltan biltzen bagara bi arrazoi daude, batetik inoiz gure buruari galdetu diogulako zergatik gure seme alabak izan behar diren euskaldun. Eta zergatik planteatzen dugu galdera hori? Ba gurea hizkuntza minorizatu bat delako, erdaldun batek ez du halakorik planteatzen ez du pentsatu behar seme-alabei zein hizkuntza pasako dien".
Hizkuntza gutxituaz hitz egitean, "ez du esan nahi hizkuntza bera gutxiago denik, hizkuntza guztiak berdinak dira, aldatzen dena da egoera. Munduan barrena gehienak dira hizkuntza gutxituak, oso gutxi dira indartsu daudenak. Hizkuntza minorizatu bat, hiztun komunitate gutxitu batean aurkitzen da".
Baina zer da hizkuntza? zergatik tematu hizkuntzarekin? "Komunikatzeko tresna bat da, taldean hitz egiten da, talderik ez badago, hizkuntza ez da. Hizkuntzarekin jaso dugu kultura guztia eta bakoitzak du bere jende multzoa arautzeko modua".
Agirreren ustetan kontutan izan behar da hizkuntzaren bitartez egiten dugula dena, gure buruan ideia batzuk sortzen ditugunean ere hizkuntza batean sortzen ditugu.
Euskaldunen kasuan "identitate zeinua hizkuntza erabili dugu". Munduan ez dela kultura askotan gertatzen azaldu zuen, egoera minorizatu batean dagoen kulturen kasuan, bidean hizkuntza galdu dutenak daude eta sinesmenak, folklorea... salbatu dituztenak. "Gure kasuan hizkuntza gorde dugu eta bide horretan beste elementu batzuj galduko genituen". Irlandako kasua aipatu zuen ideia hau azpimarratzeko, han nortasuna erlijio katolikoan oinarritu dute, nahiz eta ateoak izan, beraien zeinu identitarioa erlijioa da, eta hizkuntza ia galdu dute.
"Gure kasuan gaur egun arte ekarri dugu euskara eta erabaki dugu gure ondorengoei pasako diegula. Gu nor garen esaten duen elementu nagusia hizkuntza da. Euskara jendea da, gu gara. Guk eramaten dugu euskara goazen lekutara, edozein lekutara, tabernara, lanera, aisialdira... eramaten dugun heinean bada eta guk eramaten ez dugun heinean ez da izango".
Hizkuntza guk eramaten dugunez Agirreren ustez gure baitan ere bide bat egiten du hizkuntzak horregatik "landuago, erabilgarriagoa, gozagarriago izanda, esparru gehiago hartuko ditu".
"Euskara salbatuko dugu hemen eta orain, hala nahi badugu". Euskara erabakitzen dugunean hizkuntza eramaten dugula dio Agirrek "ni banaiz nor halako lekura joan eta euskaraz eskatuta gutxienez kaso egin diezadaten eta errespetu minimo batekin trata nazaten". Berdin jokatu behar da modu kolektiboan. Egoera honetara eramaten duen prozesuan kontzientzia dago. "Azken 50 urtetan euskarak aurrera egin badu kontzientzia horregatik izan da". Eta kontzientzia hori izatea beharrezkoa da hizkuntzaren erabileran sortzen diren oztopoen aurrean aurre egiteko gaitasuna izateko, hizkuntzaren defentsa mekanismoak izateko.
Gozagarritasuna litzateke kontzientziaren beste aldea. "Hizkuntzaren elikagai sinbolikoa kultura da. Lasarte-Orian, kulturaren inguruan sortu dituzuen ekintza guzti horietan, egiten duzuen bide hori, kulturaren bitartez hizkuntza eraberritzen duzue. Izan ere, hizkuntza minorizatu baten kultura alorrean egiten den edozer, automatikoki hizkuntzaren eragile, bultzatzaile bihurtzen da".
Normalizazioaren bidean
Hizkuntza ez da galtzen beste hizkuntza bat komunitatera datorrelako Agirreren iritziz, "herri batean nahikoa dira hiru lagun herri euskaldun bat erdalduntzeko, epailea, apaiza eta medikua. Hiru eta boterearekin".
Kanpoko jendea datorrenean konflikto bat dagoela onartzen du Agirrek eta horregatik hizkuntza irizpidetzat edukitzea inportantea da gizarteko esparru guztietan. Egiten diren politika guztietan kontutan hartzeko elementua dela defendatzen du. Horrek bermatuko luke arriskuan dagoen hizkuntza zaintzea. Hizkuntza ahul hori indartu dadin eremu babestuak sortuz.
Azken galdera bat plazaratu zien entzuleei, "zalantzetako bat da ez ote dion gizarte lehiakor honek galda jartzen hizkuntzari? ez al genuke gizarte hau aldatu behar berdinzaleagoa izan dadin?" Entzuleek aukera izan zuten Loreari euren kezkak azaldu eta hainbat gogoeta egiteko.