Beatifikazioak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Andonegi 2007ko aza. 23a, 01:00

Laurehun eta gehiago izan dira beatifikatuak, oraindik orain Vatikanoko San Pedro Elizan egindako ospakizunean. Harrigarria ere bada zer nolako ezjakintasuna dagoen gai honetan, gure artean. Hirurogei eta hamar urte dira gerrate zibila bizi izan zela eta han gertatuak izugarriak izan ziren, baina dena galdu edo gorde bezala egin da. Ulergarria bizi izan zutenentzat eta gertukoentzat, baina penagarria ondorengoentzat, zeren horrek gure gabezia besterik ez baitu erakusten.
Bestalde, liburu asko idatzi dira, baina... dirudienez, ez gaude nahiko bizkor gauza hauek egiaz ezagutzeko. Honek agian, beste zerbait ere esan nahi dezake, gaur bertako hainbat gertakariren aurrean dugun jarrera, hain zuzen ere; jakin baino informatu egiten gara, baina ezagutu, oso gutxi, horrek lan bat eskatzen baitu eta ez da berez jakiten.
Lege mailan ere hor ari dira Memoriarena deiturikoarekin, Oroimenaren Legea esango dugu. Gauza ederra litzateke gogoeta egingo bagenu eta patxadaz, nondik gatozen eta zertan ari garen hausnartuko bagenu. Geure etxeetan ere gauza asko daude esateko, baita albokoetan ere. Eta hau ez, inolako gorrotoa areagotzeko edo berritzeko, aldiz egiaren zerbitzuan elkar ulertzeko eta geure arazoak guztionak direla, nolabait, konturatzeko.