Bai, egia da, konturatzeko urteak joaten zaizkigula eta geure buruei begira jarriz harritu ere egiten garela zer nolako martxa daramagun bizitzaren aldapan, ikustearekin. Urte bat gehiago, diote askok. Ala da, bai, bat gehiago eta bat gutxiago, bi gauzak egiak bai dira. Gutxiago agian, zerbait galtzen ari dela pentsatzen duenarentzat, eta gehiago irabazten ari dela uste duenarentzat. Beno, galdu eta irabazi hori, dena nahasirik izango da. Galdu, zer da galtzen ari garena? Eta irabazi, zerbait irabazten ari ote gara?
Aurreko egun horietako batean, melankoniaz beterik, honako hau esaten zidan pertsona maitekor batek, "bizitza alperrik galtzen ari naizen ustea dut...", eta nik baikor, "bai zera, nola esan dezakezu horrelakorik... bizitza ez da galtzen, beti zerbait irabazi egiten dugu, nahiz gauza asko alboan utzi behar..., hori ez al da ba bizitzaren lehen legea?", baina ezin nuen lasaitu pertsona, eta bere hartan zioen "ez-ez, ni ez nago ondo, hainbeste lan zertarako?, hainbeste kezka eta ardurarekin zer irabazten ari naiz?, hau al da dena?", eta bere horretan utzi behar izan nuen.
Beno, honek lagundu dit nik ere urte berria dela eta, urte hau zertara eman nahi dudan galdetzera eta horixe da, gaurkoan, zuei ere plazaratzen dizuedana, zertara begira gaude bizitzan, zer da, azken batean, amesten duguna, non jarri dugu ilusioa?. Osasuna, lana, maitasuna... horiek ongi joan ezkero, zer gehiago espero dezakegu?. Eta ongi joan daitezen, zer egin?. Diotenez, zoriona gauza txikiak bere orekan bizitzean dago. Txikiak dira baina, kontzienteki egin ezkero patxada ematen digute, lasaitasuna... gehiagorik espero al dezakegu?