Italian egon berri naiz eta besteak beste, han aurkitu dudan gai nagusia hauteskundeak izan dira. Gero hemen, etxean, irakurri berri dut nor izan den irabazlea eta harritu esateko ez naiz harritu baina bai, egia esan, haserretu bezala, zeren ez bai da batere erraxa ulertzea nola aukeratu daitekeen horrelako gizona agintari bezala, lehen ere izan zuten esperientzia gogoan harturik.
Zer zioen han Erroman jendeak? Nik ikusiaren arabera eta hitza egindako batzuen ustez Berlusconi izango omen da behar duten liderra. Beraz jende askoren iritziz liderra da behar dena, buruzagia, agintea ongi gauzatuko duen norbait. Hau ez al da, bizi garen munduan, nahiko arriskutsua? Askatasuna nahi dugu, bizimodu erosoa, dirua, ongizatea... baina batez ere liderra, hau da nahi dugun bizi era hori zaindu edo ziurtatuko digun "jauntxoa". Hori da nik Italian sumatu nuena, beldurra, kezka, egon ezin bat... arazo asko omen dute gazteek eta erdi mailako jendeek (etxebizitza garestiak, janarien igoera, kontsumoaren murriztea...). eta honen aurrean "salbatzaile" baten nahia bezala. Harrigarria!. Beno agian ez da hainbestekoa, zeren azkenean, denok ere, gurea ziurtatuko digun norbaiten zain bezala bai gaude. Ez dugu arriskurik nahi. Bizitza on bat nahi dugu guretzat. Besteak ez dira, dirudienez, gure ardura. Nahikoa dugu gurea ondo zainduz. Eta horrela goaz...!