LEHEN JAUNARTZEAK

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Andonegi 2008ko mai. 23a, 02:00

Pasa berri dira lehen Jaunartzeak. Oraindik ere asko izaten dira horrelakoetan Elizara etortzen direnak. Aurten hemen Lasarte-Orian, ehun ume inguru izango ziren. Egia da, bestalde, beste ume asko direla, egin gabe gelditzen direnak. Duela urte batzuk hau, ezin ulertuzkoa litzateke, baina orain ez da horrela, zeren denok nahi bai dugu, nolabait, koherentzia eta ardura denen gainetik jartzea, gure erabakietan, eta hori oso ondo dago.

Elizara etorri diren haur eta gurasoek, askotan, egun hori eta horrelakoak bakarrik dituztela erreferentzi bezala, ez igandeko kristauon bilkurak, eta honek badituela hainbat arrisku. Gure nahia beste bat litzateke, egia esan, baina errealitatea den bezalakoa da. Gaurko giroan eta gure familietan, aste bukaerak, lo egiteko edo kirola egiteko hartzen dira, gehienbat, baina Eliza eta horrelakoak ez dira kontuan hartzen. Honek nahiko urduri uste gaitu horretan gabiltzanok. Zenbat lan katekista eta hainbat gurasoren eskuzabalari esker! Zenbat saiakera haur hauek kristau bidean jartzeko... eta gero gehiago ikusiko ez ditugunaren ustea!

Zer da gertatzen ari dena? Fede gauzak, bakoitzaren barneko gauza bezala ikusten direla, kultura honetan; ez herri edo talde baten gauza bezala eta horrek bere ondorioak ditu, horien artean, bakoitzak bere erara moldatzea fedeari loturiko eginkizunak, eta elkartea eta taldea alde batera ustea. Gaur jende asko da fededun dela dioena, baina praktikarik gabekoa... naiz jakin kristau fedea praktikatu egin behar dela. Eliztar izatea eta praktikatzea, agian, bereizi egin ditugu. Horra hor okerra.