Bai, san Ferminetan gaude. Joan dira gure san Pedroak ere, baita san Joanak eta beste san asko... Beno joan ez dira joan zeren, nire amaren arabera, ba dirudi santu guztiak udakoak direla, hainbeste izanik santuen izenak erabiliz, egiten ditugun festa eta jaiak. Zergatik ordea hainbeste santuren izenak jai egun hauetan? Garbi dago nondik gatozen, zer nolako girotan sortu eta hedatu ziren jai horiek eta zer nolako ukitua eman nahi izan zitzaien, bere garaian, baina gaur gauzak zeharo bestelakoak dira, izenak izen.
Jaiak herriarenak izan behar dute eta herritarrak era guztietakoak gaude. Iritzi, gustu, adin, tenple, sexu, hizkuntza, ohitura.... oso desberdinekoak eta gero eta desberdinagoak izango gara gainera. Beraz zer jai eta nola jai hausnartzea gero eta beharrezkoagoa gertatuko da. Zeren inguruan egin behar da jaia? Ideologia bati edo besteari lotu behar al da jaia? Udalari eta bertan dauden zinegotzi eta taldeei? Herriko festa antolatzaileei? Enpresaren bati utzi beharko al dizkiogu jaien antolamendua? Jaia beraren nondik norakoak sakondu beharko genituzke eta giza mailari dagokion jaia egiteko eran, elkar harturik, gauzak bideratu.
San Fermin jaien ardatza garbi dago, zezenak (entzierro eta abarrekin). Donostiako San Sebastián jaiarena ere bai, danborrada. Gasteizen Zeledoia, Bilbon Mari jaia..., beno bakoitzak badu bere izaera eta landu dute hari bat. Eta hemen, gure artean, ez ote dugu zerbait gehiagoren beharrik? Zein da gure eredua? Nori begira ari gara gauza hauetan?