Oporrak joan dira eta hemen gara, berriz ere, ikasi, berritu eta urteari bukaera eta hasera egoki bat eman nahirik. Haurrak eskoletara joaten ikusi ditugu, txikienak pena ere ematen digute, baina horrela antolaturik gaude gizartean. Haurrak ezik helduak ere bai, hizkuntzak, yoga, bidaiak..., eta beste mila aukera. Hau dena egokia baino egokiago dela ezingo dugu uka eta egin ahalak egin behar ditugula ere, ezin uka, baina bizitzak egunerokoa dauka eta eguneroko horretan dago kakoa, eta hori bai dela ikasi, berritu eta urteari hasera eta bukaera egoki bat eman beharrekoa.
Dena ongi egon daiteke baina beharrezkoena geu eta geure egunerokoa sakonduz jabetzea da. Hemen lehen eta orain behar duguna, bakea da, zuzentasunez bizitzea eta hortik etorriko zaigun ongizatea. Egunerokoan dago arazoa. Gauza txikienetan behar dugu bizitza burutu. Berritu beharreko gauza bakarra, geu gara eta geure ulermena eta garenaren betetasuna.
Arnasa hartu dugu, lagunartea, etxekoak, bidaiak..., eta zer lortzeko? Giroa aldatu, beste jende batekin egon, geure buruak baretu... eta zertarako? Betikoan erortzeko? Ez. Hemen betikoari gaurkoa ezarri behar zaio, eta gaurkoa dena, nik neuk asmatu behar dut egunero, eta hori egitea dugu erronka, eta egite horretan behar den gozoa eta poza aurkitzea. Arazoak arazo, ni hemen naiz eta naizen hau izan dadin, nahi dut bizi pozik eta saiatuko naiz egiten al dudan ongirik gehien.