Gure arteko gerrate zibila deituriko hartan (1936-1939), basakeri ugari gertatu ziren. Egia da, askotan, hobe dela ahaztea eta bere horretan gauzak uztea, baina egia izan daiteke baita, ahazte horrek, garrantzirik ez ematea esan dezakeala, eta hori ez da zuzena. Egun hauetan, hemen gure artean, Elizaren baitan gertatu zena gogoratu eta erreparatu nahi izan da nolabait. Agian askok, irakurri edo entzun eta ikusiko zenuten komunikabideetan, nola errepublikaren aldeko hamalau apaiz euskaldun, frankistek fusilatu zituzten, eta nola isilean gorde eta ezkutatuak izan ziren, ez bai zen inondik itxurazkoa "kruzada" bezala onartua izan zen gerra batean, gurutzearen defendatzaile ofizial hariek egin zutena egitea.
Apaiz horiek oso ezberdinak ziren jatorriz, izaeraz naiz lanez. Batzuk gazteak oso, Martin Lekuona bati-bat, gure on Manuel Lekuonaren anaia gazteena, eta besteak adinekoak. Batzuk langileagoari emanak zeuden ELAn, JOCen, Kooperatibetan... Besteak, euskal kulturari emanak erabat, Ariztimuño "Aitzol" bereziki. Ba ziren parroki bizitzan, herriko mugimenduetan sartuak, batez ere Arrasateko apaizak (hiru garbitu zituzten), baita komentuetako kaperauak ere. Zer zuten bat, zerk lotzen zituen, horrela akabatzeko? Ez zutela, gehiengoari jarraituz, politikoki "komeni" zena onartu. Horixe zen bekatua. Elizaren gehiengoari uko eginez, beren kontzientziaren arabera, eta herriaren zati handi bati jarraituz, uko egin ziotela kolpeari, horixe.
Joan XIII.en aita santuak, duela urte batzuk, "Pacem in Terris" deituriko gutuna idatzi zuen, guzti honi eta beste gauza askori buelta eman nahirik, eta bertan, benetako bakearen baldintzak zeintzuk diren azpimarratzen zituen: egia, zuzentasuna, askatasuna eta maitasuna. Gaur ere ikasbide eta norabide denontzat, bakea ez bai da hitza ez eta ere edozelako ekintza