Lurrikara izugarria. Negarra. Ezina. Egarria. Gosea... herioa. Eta gu hemen zer egin behar den, nola egin behar den, nork egin behar duen esaten, baina gu, hemen. Eta normala da, badakit. Non egongo gara bestela? Gure txokoan. Gure eguneroko bizitzari eusten. Gure egun honetako egin beharrak egiten. Hemen. Baina nola gaude gu hemen? Krisian? Lasai? Borrokan?
Aspaldikoa denez, ez dakit inor gogoratuko den baina, gure artean orain urte batzuk oso kanta ezaguna gertatu zitzaigun, beltz espiritualetik euskaratua zen eta honela zioen: "o gu hemen, bidean galduak... herio minez". Agian hori da, oraingoan ere, gogoratu beharko genukeena. Gu hemen gaude bai, baina hemen egoteko modu asko daudela; hemen egoteko postura hartu beharra daukagula, eta aukera guztiak ez direla berdinak izaten. Ez bai da berdin "herio minez" egote hori edo, "nire ez dagokidanez" bizitze hura.
Zorionez, ordea, zenbat jende dugun, gure artekoak, beren berena izan gabe arazoa, dena utzi eta prest azaltzen direnak! "Egin daitekeena egiteko" prest, nahiz batzuk horri ere "karitatea" deitu, zurikeriaz. Hemen eta gu izaten nola ari garen gogoratzeko balio badigu oraingo Haitiko honek, ongi etorria izan bedi, ez tragedia bera, baizik informazioa eta mobilizazioa, eta ea hurrengoan nik zer egin dezaket galdetzeko moduan jartzen garen.