Aste bukaera honetan zaborraren biltzea zer eratara egin, aukeratu beharko dute Usurbildarrek boskaren bidez, hain zuzen ere. Atez ateko sistema da lehiatzen dena. Egunero etxetik zaborrak ongi berezituta jarri eta beren ontzietan jasoz kalean biltzea, alegia. Hau litzateke sistema, edo bestea, hau da, kalean jarririk dauden ontzi handietara, nahi dugunean, eta berezituta baita, zaborra botatzea. Zer da hobe? Eta zertarako? Askenean ez al da dena erre beharko? Beraz, nahi edo nahi ez, askenik, erraustegia? Eta zabortegi handiak zer?
Hemen Lasarte-Orian ere gai hau dela eta ez dela, jende asko dago arduraturik. Zabor izugarria eragiten dugu eta gutxitan konturatzen gara, baina hor dago eta zerbait egiten dute guzti horrekin… Nora botatzen dute? Erre agian? Eta zenbat kostatzen da hori guztia? Mila arazo eta galdera, beraz. Egin dira gure arteko batzar ugari, baita manifestaldiak ere, baina ezer gutxi aurreratu dugula, uste dut. Sakonean geure kontzientziazioa eta jabetzea dago oinarrian. Zertan ari garen konturatzea eta zer nahiko genukeen pentsatzea, baina hau dena ez da erresa.
Okasio polita izan daiteke, orain Usurbilen egin behar dutenaz konturatzeko eta jarraipena eginez, denok ere, gaia gehiago sakondu eta hausnartzeko. Besteengan gertatuarekin ikasi egite omen da. Hemen ba aukera gehiago ikasteko eta geure erabakiak sakontzeko.
Xabier Andonegi