Bai, berriz ere, igande honetan, sartuko gara kristauok, “santua” deitzen dugun kalendario garai berezi honetan. Zer da ospatzen duguna eta oraindik ere ba al du inongo gaurkotasunik hori ospatzeak? Ospatzen duguna zer den gehienek jakingo dute, baina ez denek, zeren bizi garen giroan, jende asko dago, gure artean ere, zer eta zergatik oso garbi ez dakitenak.
Adibide polit bat gertatu zitzaidan duela aste pare bat San Pedroko Elizan. Ostirala zen eta bertan ginen hainbat elizkide “gurutz-bidea” ospatzen. Han gertatu zen gazte jator euskaldun bat, beste lantxo bat egitera etorria zen parrokiara, eta ikusi zuen ikusi zerbaitean ari ginela, baina ezin deszifratu zertan ari ote ginen, ez bai zen ohizko meza bat, beste zerbait eta berarentzat ezezaguna. Zertan ari zineten, galdetzen dit..., nik, gutz-bidea egiten eta, hori zer da..., nik, Jesusen kalbarioa edo azken egunak gogoratzea, hain zuzen aste santutan egiten duguna eta, hura, gaztea, zeharo harrituta, beste mundu batean bezala... Nork pentsatu hau gertatu zitekeenik Euskal Herrian. Baina bai, gu ere munduan gaude eta.
Ba horixe, ospatzen duguna zerbait historikoa da, gertatu eta pertsona bati lotua dagoena, Elizak gogoratzen duen pertsona izan ere, Jesukristo. Eta bere bitartez, gaur ere, era askotara gertatzen diren “gurutzeak” hartzen ditugu gogoan eta jarrai, bidean bezala, geure egiten ditugu, gure bizitzak haien sufrimenduekin lotzeko asmoz. Heriotza, tortura, kartzela, zapalkuntzak... bai, ez etsipenetik, baizik itxaropena eskuratzekotan baizik. Horrela bizi den baten azkena, ez da inoiz bukaera izango, aldarrikatzen dugu, mezu bezala. Horren bizitzak betirako iraungo du, balio du, ba du etorkizunik naiz, gure mundu honek, ez onartu edo estimatu, badu bai etorkizunik, berez ona delako eta ongia denen gainetik jarri duelako eta horrek, duintasuna eta gizatasuna erakusten digulako.