Pasa berri dira, aurten ere, lehenengo jaunartzea deituriko ekitaldiak, gure parroki elizetan, baita hemen Lasarte-Orian ere. Ohitura handiko jaia da honako hau, baina ez da zaharra. Garai batean, kristauak, pertsona heldu zirelarik eta beren erabakiz, eliztar izaten ziren eta bataioa hartzen zuten horren erakusgarri. Bataioa, besteak beste, elizkidetzaren seinalea bai da eta aurreneko sakramentua (kristau bizitzaren erakusgarria). Helduak bataioarekin batera hartzen zituzten Sendotza eta Komunioa, horrela hiru ikur horien bidez adieraziz, kristautzat zutela beren burua. Kristau Sarbideko sakramentuak deitzen diegu, oraindik ere.
Gauzak, denboraren eta historiaren arabera, aldatzen joan dira. Egia da, gure arteko antolamenduan ere, badirela aukera ezberdinak, baina normalki, denok, berdintsu egiten ditugu gauza hauek. Umeak txikitan Bataiatu, haurrei lehenengo Konfesioa egin, Komunioa eman eta gazteekin, Sendotza edo Konfirmazioa, gero Ezkontza, Apaizgintza... eta dena, kristau bizitzaren aitormen eta konpromezu bezala. Benetakoa den? Egiaz egina? Inolako etorkizunik duen?
Gure artean, Lasarte-Oria bertan, eta beste herri gehienetan bezala, bataiatzen diren haurrak, erdira ez dira iristen (% 46). Hori bai, Lehen Jaunartzea bataiatutako haur horiek guztiak egiten dute (%100) eta tarteka, bataioa hartu gabeko gutxi batzuk azaltzen dira. Datoak hauek dira eta ongi dago ezagutzea eta errealitate horren azterketa bidean jartzea: zer adierazi dezakeen, zer nolako jokaerak garatzen ari garen, zer heziera mota eskaintzen dugun, e.a.
Aukerak aukera, hemen lehen eta orain, egin beharrekoa zera da, bakoitzak, zentzu, gogo eta asmorik onenarekin, gure umeak saindu, hazi eta hesi, horretarako behar diren erantzukizunak hartuz.