Ez dago ukatzerik, futbolak baduela zerbait… zer den hori eta nola "erotzen" duen jendea ez dira gai errazak. Zer da duen hori? Hemen eta mundu guztian, ikusten ari garenez, jenderik gehienak futbol-mania bizi duela esan genezake. Gauza bat da gustatzen zaigun edo ez, eta beste bat da nolako arrasta duen aitortzea. Ez da orain mundiala deiturikoa jokatzen ari direlako bakarrik, baita "Erreala", adibidez, lehen mailara igo delako, edo baita "Barsak" liga irabazi duelako, edo… Arrakasta eta zer edo zer hori dago. Gai hau, ikerlari batzuk aztertu dute baita. Horien iritziz, beste gauzen artean, badago bat, guri ere agian, egokitzen zaiguna, zeren futbola, "guda edo gerra"ren irudi birtuala dela dioena.
Benetako gaurko gudak nahiko birtual bihurtzen dizkigute telebistak, eta egiazkoak izanagatik, han nonbait gertatzen dira eta besteek egiten dituzte, ipar Amerikarrak eta horrela, baina guk, guk ez dugu horrelakorik egiten, guk futbola nahikoa dugu, dirudienez, eta bereziki gizonezkook, futbolaren gerra, izan ere. Nondik ulertu bestela, orain bertan eratu diren "yo soy español" hau edo, "la roja" deitura hori, edo Frantziak eta Argentinak eta bestek, klasifikazioa galtzearekin izan dituzten "nazioaren krisia"? Geure buruari begiratzen badiogu, zenbat eta euskal abertzaleago izan hainbat eta anti-selekzio-espainolekoak gara, eta alderantziz berdin, zenbat eta espainolistago izan hainbat eta selekzioaren aldeko. Zergatik, gerra bat bezala bizitzen ez bada, guzti hau? Zergatik hainbesteko grina, poza eta sufrimena? Ez da axaleko gai bat, beste gauza sakon askoren ikur baizik.