Compostelako Santiagotik etorri berriak gara. Lasarte-Oriako hainbat jende bildu, bidaia hori egin behar genuela erabaki eta han izan gara aste beteko ibilaldian. Modu asko daude horrelako bidai bat egiteko. Gure kasuan, gehienak adindunak izanik, patxada hartu eta geure neurrikoa egin dugu. Lehendabizi Lasartetik Burgosera, han, bi egunetan, nahiko toki bisitatu eta landu genituen, baita gozatu ere, eta eguraldi oso ona genuenez, pasio ederrak eman.
Burgostik bidea eginez Palentziako Frómista herrira, _nolako eliza erromanikoak egin zituzten fededunek_, Santiago bideari jarraituz, bidearen nondik norakoa ikusi genuen eta oso egoki etorri zitzaigun, bertan duten ikuskizun digital eder bati es ker. Hobeto ezagutu eta hausnartzeko aukera izan zen hura. Inori gomendatzeko modukoa da ikuskizuna.
Palentziatik Leonera iritsi arte, _hemen beste bi egun hartu eta bai ongi gozatu genuela!_, gidari oso atsegina eta jakituna izan genuen, euskaraz ere zerbait bazekiena gainera, Nafarroan bizia bait zen. Hari esker lau orduko bisitaldi bikaina izan genuen, elkarrekin. Gero taldeka edo bakarrik, nahi zuenak berea eginez, jardun genuen.
Eta Santiagon azkenik. Pozaren mendian. Erromesak han elkartu eta azken bost kilometroak egiteko prestatzen diren lekuan. Bertan atsedena hartu, garbitu, jan eta edan, gauzak moldatu eta katedralera, erromesen meza ospatzera. Oso meza jendetsua. Ospakizun luzea baina sakona. Jende askoren jarrera hunkigarria (konfesioa, hizketaldia, besarkada, aitorpenak…). Urte hau bukatzera doan honetan, esan zigutenez, zortzi milioi jende pasatuak dira eta hamarrera iristea espero dute. Inoiz ezagutu ez den jendetza. Zergatik? Zertarako? Zeren bila? Dena eskurtsioa ote da, edo beste zerbait gehiago? Hainbeste jende turismoa egiten edo… zer bestela?