Gaur Nafarroan jai handia ospatzen da eta Euskal Herrian berdin behar luke. Beno, egia da, ikastoletan ospatuko dutela, zeren euskararen eguna bai da, baita beste hainbat leku eta elkartetan ere. Nik hemen, aldizkari honetan ere ospatu nahi dut. Orain, egun hau, euskararen egun bezala aukeratu zutenek, zergatik egin ote zuten hori galdetzerakoan, ez dakit jende askok jakingo genukeen erantzuten.
Nik dakidana hau da. Xabierkoa, misiolari jesulagun bezala Indiatik Japoniara ari zelarik urteetan, azkenean bere ilusio guztia Txinara joatea zela eta horixe zuela azken amets. Hango lagun batzuei esker txalupa bat hartu, abian jarri eta Txinako itsasoa deiturikoan barna abiatu zirela eta izugarrizko eguraldi txarrak jasanez, ezin izan zutela iritsi eta gainera gaixotu eta uste baino larritasun handiagoz gainera. Lagunek, uharte batera eraman eta hango jendearen babespean hil zen. Hiltzeko ordu hartan gertatuak, agian, izango zuen zer ikusirik bere euskal izatearekin, besteak beste, zeren dakiguna da, errezoan hasi zela, inork ezin ulertuzko hizkuntza batean jardun zuela, azkenera arte, eta behin eta berriz esaten zuena zela hau: ama, nire ama maitea…
Hango jendeak jakin bazekiten apaiz hura Europatik etorria zela eta, Jesukristoren bide berria erakustea zuela gogoan, pentsatuz hartara, mundu guztiak jakingo zuela zein zen benetako askapena, senidetasuna, alegia. Euskaldunak itxiak garela esateko moduan! Predikatzaile ospetsua. Lagun estimatua. Fededun sakona. Ezin ulertu zutena zera zen, nola zitekeen bere herria, bere ama, bere Europako bizitza utzi eta bertara joatea, hain gizon jakintsu eta ospetsu izanik. Zerk deitzen ote zion, zeren bila ote zebilen, zer bultzatu hainbesteko arriskuak hartzera? Gaur Indiako Goa herrian dago hilobiratua eta, ikusi egin behar da sinesteko, zenbaterainoko gurtza ematen dioten bertakoak, gure Xabierko Frantzisko nafar euskaldun eta kristau fededun handiari.