Inauterietan gaude bai, eta han eta hemen, egun hauetan, hainbat mozorro ikusteko aukera izango dugu. Agian, ez da herririk izango mozorrotu eta, umeak naiz helduak, jai giroko egun batzuk antolatuko ez dituztenik. Hau ere beste errito bat bihurtu zaigu. Erritual honek duen berezitasuna aztertzea oso polita da. Hemen inportanteena mozorroa da eta mozorrotzea. Jaiaren grazia, beraz, itxuraldatzean dago. Gu garena, orain, egun hauetan, jolas tankerara moldatu eta "dena librearen" arauetara eramatea.
Bada, ordea, inauteria ulertzeko beste molde bat Euskal Herrian, eta bereziki Bizkaiko leku askotan mantendu dutena. Izena ere beste bat du; ez da inauteria esaten, aldiz eta askotan kontrajarriz, aratustea deitzen diote. Hemen inportantea ez da, geure buruari zer gehitzen diogun, alderantziz baino. Zer kentzen diogun, hori da konturatu beharrekoa. Hustu egin behar gara, kendu, bota, baztertu, desegin. Zer kendu? Egunero jantzirik daramagun "mozorroa". Hemen dago sekretua.
Hau dena pertsonalki naiz herri bezala edo munduko gorabehera guztietan, nolabaiteko kide bezala ere, uler dezakegu eta, zer jantzi daramagun aztertu, horrela, zenbat horietako jantzietatik hustu behar garen ikusiz. Adibide asko ditugu hausnartzeko. Begira ipar Afrikan gertatzen ari den "mugida". Batzuk estalkia kendu beharrean aurkitu dira (Egipton, Tunisian, Libian) eta beste asko, horiei eraso eginaz, justiziaren izenean, beti ere, demokrata jantzia berritzen ari dira (Europan, AEEBB, Euskadin), baina dena jantzia da, dena jolasa, dena joko makabroa. Eta hipokresia egiari parrez, orain ere, itxurakeria agintean eta agintzen dutenen itxurakerian kalean. Eta Lasarte-Orian gertatzen ari denak ez ote du horretatik gehiegi? Ari direnak ari, denek justizia aldarrikatuz eta benetan udalerri zuzenago eta hobeago baten alde, ari ote dira? Hau poza nirea, hauteskundeak gainean izango ez balira!