Ramadana Garizuman

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Andonegi 2011ko api. 8a, 02:00

Agian, gure artean bertan, jende gehiago dugu gaur, Ramadana zer den dakiana Garizumaz dakiana baino. Ez, seguraski, oraindik ez da horrela izango, baina nahiko bide horretan ari garela ezin uka.
Adineko gure jendeak, nola ez, ongi baino ongiago daki Garizumari buruz eta ondoren datorren Aste Santuari buruz, gero Pazkoa eta udako giroa. Baina adinekoak diot, zeren gazteen artean hau dena, pelikuletako fantasia bezala bait da. Jakin gutxi, egia esan eta bizi… zer esan? Oporrak bizi, hori bai, baina gehiagorik zaila, eta ez borondate txarra dutelako, ez.
Ez dago gaizki beste erlijio eta kulturetan dituzten jai eta ospakizunak ezagutzea, horren zabaltasun eta aukera gehiago ematen digu, baina zure inguruan dituzunak ez jakitea, bai, hori gaizki dago. Eta arazoa ez da erlijiosoa bakarrik, baizik kulturala, hau da, gizarte batek dituen ohitura, historia eta memoriaren galtzea. Zer gertatzen zaigun? Etxekoa baino kanpokoa beti izan dela hobeagoa, agian? Etxekoak aspertu egiten gaituela? Bestalde, gaurko giroan, publikatzen ez dena, ba dirudi ez dela existitzen, eta garizumari buruz publikatu, nahiko gutxi edo ia ezer ere ez, Ramadana berari buruz baino gutxiago, gure telebista, irrati eta egunkarietan.
Ba bai, kristauok garizuman gaude, eta garai honek esan nahi duen guztia bizitzen saiatzen gara. Otoitza, limosna eta baraua erlijio guztietako moduak izanik, guk garai berezi honetan areagotzen ditugun ohiturak ere badira, horrela, Aste Santua oporrak baino gehiago eta oporren erdian ere, kristau zentzu sakonago batetik bizi dezagun. Inportanteena, mundu honetako sufrimendu eta dolu guztiekin bat eginik bizitzea dela gogoratzen zaigu, zeren hori baitu xede, bereziki, garai honek, biktimekin bat egitea eta azken hitza ez dela heriotza baizik bizi betea, aldarrikatzea.