Hauteskundeak igaro berri ditugunez, ezin baztertu gertakari hau eta bozken arabera gertatua, bai hemen gure herrian eta gure inguru guztian ere. Ez naiz ni balorazioak egiten hasiko, inondik, hori alderdiek egingo dute. Aldiz, hemendik aurrera zer nolako jokabideak izango diren eta zeren arabera hartutakoak izango diren konturatzeko, proposatzen dut. Hartuko diren erabakiak (paktuak, tratuak, akordioak), zer irizpidetik hartuko direla uste duzue? Zer izango da gehienbat estimatuko dena? Gauza denen gainetik etikari dagozkien balioak jarriko ote dira? Ez ote dena, interes ezkutu eta aitortu ezinaren arabera egingo?
Edozeinek esaten du, politikan, edozer gauza gertatu daitekeela. Pentsamendu honek ez du dena onartzen, ez; ez eta ere dena berdin dela edo esaten, ez. Pentsamendu honetan azaltzen zaiguna etsipena eta itxaropenen eza da, eta agian, justifikatua izan daiteke, hainbat kasu ezagutu eta gero, baina ez da onartzen, ez eta gutxiagorik ere. Alderantziz, gaitzetsi egiten da, denuntziatu, arbuiatu.., nahiz pentsa izan, ezer gutxi egin dezakegula. Baina nork daki? Begira zenbat jende "haserretu" atera diren hainbat lekutan protesta gisa, denuntzia egitera (Madrilen, Bilbon, Donostian, Bartzelonan…). Ez, dena ezin da onartu; ez, dena ez dago ongi egina; ez, dena ezin da bere horretan utzi, ez eta mila aldiz ez.
Botoa eman eta gero, orain, guri dagokiguna, erabakiak zergatik eta zertarako hartuko diren begiratzea da eta etorkizunari aurpegia emateko erakoak izango diren edo ez, jabetzea. Bestalde, egin, zehazki, ezingo dugu gauza handirik egin, baina erne egonaz, gure izenean zer egingo duten ikusiko dugu eta zertara eraman nahi gaituzten ere konturako gara. Eta hori bada zerbait gerorako ere.