Baina barrura begiratzeari utzi eta leihotik kanporako bideari ekin diogun honetan, berreskuratu ditugu iraganeko hainbat bizio. Ekonomia salbatzera itzuli dira industria eta ostalaritza jarduerak, eta zerrendako azken postuan geratu dira oraingoan ere kulturgileak. Gobernuek sektore ezberdinak “normaltasun berri” delakora egokitzeko neurriak iragarri ahala, egonezina areagotu da askoren artean, euren eguneroko jardunari aterpe horretan lekurik egin ez diotela ikusita. “Lehentasunak ezarri behar dira” entzun dugu sarritan, eta azken asteetan taberna atariek hartu duten itxurari erreparatuta, badirudi garagardoa terrazan hartzea hil ala biziko kontua dela askorentzat.
Lau hormako kaiolatik are erraldoiago batera igaro gara orain, ziurgabetasunaren espetxera. Baina zalantzak zalantza, ezin kulturgileak ahaztu. Zaindu ditzagun, babes ditzagun, eurek ekarriko dizkigute eta askatasun printzak kaiolara. Kontaktua, berotasuna, harremana behar ditu artistak, nork elikatuko du bestela bere arima, bere sormenerako sena? Altxorrari bizkarra emanez gero, bihotza kale gorrian uzten ariko ginateke.