Pertsonalki, ordu asko igarotzen ditut etxean eta, hein batean, konfinamenduak ez du nire egunerokoa horrenbeste eraldatu. Biziki maite dut pertsiana jaitsi eta ilunpeko babesean filmak eta telesailak ikustea. Liburuak, aldizkariak, egunkariak… begiak pantailatik kendu, lerro artean atseden hartu eta adimena aktibatzea ere beti da gozagarri. Eta noski, musika. Instrumentua hartu, erritmo eta melodien ozeano zabalean murgildu eta inguruan dudan edozer ahaztu nezake, erabat deskonektatu. Hori gutxi balitz, etxean ez zait argi indarrik, urik edota janaririk falta.
Baina, etxegabeekin zer? Eta paperik gabeko migratzaileekin? Eta preso eta kartzelekin? Erronka nabarmen konplikatuagoa dute, gure aldean, dena eskura ez duten horiek. Gaixotzeko arriskuz edo, akaso jada gaixotuta, lantokira joan behar dutenek, lan prekario batetik bestera saltoka dabiltzanek, urte luzez defendaturiko proiektuak bertan behera utzi beharko dituztenek... eta, noski, gaixotasunaren ondorioz hil ala biziko egoeran daudenek.
Konfinamendua amaitzean topatuko dugun “normaltasun” berriaren inguruko kezka ere denon ahotan da jada. Bada, 2007an ‘The Shock Doctrine’ liburua plazaratu zuen Naomi Klein kazetari kanadiarrak eta koronabirusaren harira, bere tesia eguneratu du. Kleinen aburuz, krisi garaiak ez dira murrizketa eta atzerapauso garaiak soilik. eliteek larrutu gaitzakete eta horren ondorioak hainbat hamarkadatan ordaindu, baina honakoa une aproposa izan daiteke ere aste batzuk lehenago ezinezko ziruditen gizarte garaipenak eskuratzeko. Gure esku dago, presioa eta aldaketa bultzatzea, %1ak berriz ere irabazi ez dezan.