Erronkak erronka, konpromisoa adierazi du Agustin Valdiviak Txintxarri aldizkariari eskainitako lehen elkarrizketan. Herriko eragile eta elkarteekin gertukoa izateko nahia, baita parte hartzea sustatzekoa ere. Zilegi da konpromiso horiek adieraztea, beste kontu bat hitzak ekintza bilakatzea. Interes alderdikoetatik harago, herritarrentzat baliagarri diren erabakiak hartzea. Zentzu horretan, udalaren jarduna barrenetik eraberritzeko beharra azpimarratu du alkateak. Eta berri ona litzateke hori, instituzioaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetuko balu. Sarri korapilo burokratikoan harrapatuta geratu ohi diren bizilagunen jarduna erraztuko balu.
Hirigintza alorretik dator Valdivia, eta argi utzi du azpiegiturak izango dituela lehentasun legealdi honetan. Baina azpiegitura ororen oinarrian pertsonak daude, askotariko asmo eta proiektuen alde lanean dabiltzan norbanakoak eta kolektiboak. Eurei jaramon egin eta benetako lankidetza sustatzea behar luke alkatearen ardura ariketarik funtsezkoenak. Adi-adi izango dituen herritarrek merezi duten oinarrizko keinua. Leuna izan bedi, arduraren pisua.