Baina hauteskundeak berriz ere ate joka ditugun honetan, freska dezagun oroimena. Trifatxoak gobernatzearen arriskuaz ohartarazita jo zuten abtentziora ERC, EAJ eta EH Bilduk pasa den uztaileko inbestidura ahalegin hutsalean. Madrilen ahots propioa izan, erkidegoen tokian tokiko interesak defendatu eta birzentralizazio are bortitzagoa ekiditea, hauteskunde orokorren atarian sostengatu ohi den beste argudioetako bat. Baina, zein da funtsean euskal eta kataluniar alderdiek Espainiaren bihotzean jokatu beharreko papera? Merezi al du eskubide demokratikorik oinarrizkoena ukatzen digun horri gobernua erraztea? Zenbateraino leundu behar diegu bidea, gure bide propioa arantzaz bete besterik egiten ez dutenei?
Katalunia oso presente egongo da presidentetzarako hautagaien ahotan kanpaina honetan zehar, Altsasuk ere jarriko du hizpidea tarteka. Eta telebistako debateetan egingo dute gure errealitateak zenbat inporta dien ilustratzeko moduko Euskadi eta Nafarroaren inguruko aipamen bat edo beste. Eurentzat, noski, horiek biak bateraezin izango direlako beti. Akaso bada garaia ohar gaitezen, ezer gutxi dugula egiteko euren grabitate zentroa Madrilen dutenekin. Akaso bada garaia bide berriak urratzeko.